Porroten zama
Ibaeta Basketek ezin izan dio Girona liderrari aurre egin, eta alde nabarmenarekin galdu dute (81-57).
Ligan hiru porrot jarraian kateatu ditu Ibaeta Basketek. Gogorra izan bazen Ferrolen kontra Gaskan galdurikoa, are latzagoa izan zen larunbatean Gironan jasandako jipoia (81-57). Lehen laurdenean liderrari aurre egin arren, Donostiako saskibaloi taldea txiki sentitu zen. Europako poza, ligako tristura da Ibaeta Basketentzat. Aldiz, Gipuzkoa Basketek partida garrantzitsua irabazi zuen Illunben Castelloren aurka (83-77). Erregulartasuna topatu nahian dabiltza Mikel Odriozolaren mutilak.
Futbolean, Realeko neskek ez zuten derbiko markagailua iraultzea lortu. Eibarren aurka aritu ziren atzo eguerdian, eta garaipena gertu izan arren, puntuarekin konformatu ziren (1-1). Amaiur Sarriegi donostiarrak egin zuen txuri-urdinen gola. Mutilek, berriz, une gozoa baliatu zuten Leganes mendean hartzeko (0-3). Konfiantzarekin eta garaipenak pilatzeko asmoarekin daude txuri-urdinak. Atzo, neurketa ona jokatu zuten, eta aise gainditu zuten arerioa Brais, Barrenetxea eta Oiartzabal jokalarien golekin. Sailkapen nagusian, seigarren daude, Europako postuetan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek amore eman behar izan zuten Majadahondaren izotz pistan (5-1). Irribarre egiteko garaipen hori ez da iristen.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Girona 81 — Ibaeta Basket 57
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 10. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 83 — Amics Castello 77
Futbola
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Eibar 1 — Reala 1
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Leganes 0 — Reala 3
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Majadahonda 5 — Txuri Urdin 1