Aingeru Gorrotxategi musikariak Olentzerori kantatu dio
Bakarka eta Lur Barnea taldearekin musika sortzen jarraitzen du Aingeru Gorrotxategi donostiarrak. Oraingoan, bakarlari gisa Olentzero maitea abestia estreinatu du. Gabonetako eta euskal mitologiako pertsonaiaren figura berrinterpretatu nahi izan du. “Rock estilo freskoan, kanta honek kontsumismoari eta egungo bizi erritmo bizkorrari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu, Olentzerok sinbolizatzen dituen ilusioari eta balioei eustearen garrantzia gogoraraziz”, adierazi du musikariak.
Istorio honetan, Olentzero berezkoa duen emozio eta magia guztiarekin iristen da herrira, baina presak eta kontsumoak oharkabetutako gizarte batekin egiten du topo. Hala ere, neska protagonistak, bere esentziara itzultzea lortzen du, Gabonak salbatuz. Belaunaldi guztientzako mezua, gaurkotasunarekin konektatu nahi duena, sustrai tradizionalak galdu gabe.
Grabaziorako, Barakaldoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Mukusuluba eskola publikoaren ikasleen laguntza izan du. Bertan irakasle dabil duela lau ikasturte eta bere esanetan erraza egin zaio bere ikasleekin lan egitea.