Elkarbizitza berreraikitzearen aldeko proposamen artistikoa aurkeztu dute
Donostiako Udalak Iñigo Aristegi artista donostiarraren EsPAZio erakusketa iragankorra inauguratu du, Giza Eskubideen Nazioarteko eguna ospatzeko. Zirkulu eta zirkuluerdi formako bost eskulturak osatzen dute, eta San Bartolomeko Joseba Elosegi begiratokian ikus daiteke.
Gabonetako Kanpainaren baitan kokatu dute aurkezpena, eta Donostia Sustapenak antolatu du, udalaren Giza Eskubideen bulegoarekin batera. “Proiektu honetan, gure hiriak artearekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa nabarmen jarri da elkarrizketa inspiratzeko eta sustatzeko tresna gisa”, adierazi dute.
Irekiera ekitaldian Eneko Goia alkateak, Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak, Jose Maria Leclercq historialariak eta Aristegik berak parte hartu dute. “Duela gutxi sortutako eta donostiarrok hiria beste ikuspegi batetik begiratzeko gurea egin dugun toki hau hain garrantzitsuak diren Giza Eskubideen gaineko hausnarketa eremu bilakatu dute”, azaldu du Goiak. “Kulturaren, artearen eta giza eskubideen aldeko apustu bat izateaz gain, hiri eremua adierazpen artistikorako leku gisa aldarrikatzen duen egitasmoa ere bada”, gaineratu du Oiarbidek.
Aristegi artistak ere hartu du hitza: “Erakusketak arrazoian eta pentsamenduan sakontzen du; elkarbizitzaren printzipioa da. Eskulturak estatikoak dira; adimenak mugimenduan jartzen dituen arte. Urte bat, hilabete bat, egun bat, ordu bat, milioika lagun aldatu zituen une bat. Loturen bidez berreraikitako bizikidetza topaketetan islatzen da, pentsatzeko eta arrazoitzeko abiapuntua izaki”.
Une historikoak
Hain zuzen ere, erakusketako eskultura bakoitzak une historiko bana irudikatzen du. Lehenak, Donostiaren suntsipena (1813ko abuztuaren 31, 13:15); bigarrenak, Hiroshiman bonba atomikoak eragindako sarraskia (1945eko abuztuaren 6a, 08:15); hirugarrenak, Nagasakin bonba atomikoak eragindako sarraskia (1948ko abuztuaren 9, 11:02); laugarrenak, New Yorkeko atentatuek kaltetu zuten lehen dorrea (2001eko irailaren 11, 08:46); eta bosgarrenak, New Yorkeko atentatuek kaltetu zuten bigarren dorrea (2001eko irailaren 11, 09:03).
Eskulturak altzairu herdoilgaitzez eginda daude eta ispilu moduko akabera dute, bisitariak islatzen dituena eta haien irudia desitxuratzen duena, artelanetan denboran zehar bidaiatzera gonbidatuko balitu bezala. Elkarreragin horrek bi helburu ditu: ikusleak une historiko irudikatu horiekin konektatzea eta iraganari, orainari eta etorkizuneko bizikidetzari buruzko hausnarketan sakontzea.