Gizarte Segurantzak 410.587 euro eskatu dizkio Glovori Donostian abiatu duten epaiketan
Atzo (hilak 9) hasi zen Glovo banaketa enpresaren aurkako epaiketa Donostiako Lan Arloko 4 zenbakiko epaitegian, eta epaiaren zain gelditu zen.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak adierazi zuen Glovoko 168 banatzailek autonomo faltsu gisa lan egin zutela 2018ko urritik 2020ko abendura bitartean, rider-en legea indarrean sartu aurretik. Hori dela eta, 410.587 euro erreklamatu zizkion Glovori, kotizaziotan. LAB eta CCOO sindikatuetako abokatuek, kaltetutako hainbat langile ordezkatuz, eskatu zuten Gizarte Segurantzaren eskaera onartua izan dadila eta langileak Glovoko besteren konturako langile gisa deklaratu ditzatela; enpresaren abokatuak, aldiz, esan zuen langile autonomoak zirela.
Glovo, enplegatzaile
Gizarte Segurantzaren abokatuak hainbat argudio ekarri zituen hizpidera, argudiatzeko Glovo ez dela “bitartekari hutsa”, baizik eta “langileen benetako enplegatzailea” dela. Horrela, ziurtatu zuen Glovok banatzaileen funtzionatzeko modua ezartzen duela, enpresaren aplikazio propio baten bidez. Aplikazio horretan, ordutegi tarte jakin batzuk zehazten dira, eta, gainera, haren geolokalizazioa gainbegiratzen da.
Ildo beretik, abokatuak nabarmendu zuen enpresa dela lan bitartekoen titularra dela, eta, besteak beste, eskaerak gauzatzeko banatzaileek erabiltzen duten motxila ematen duela, baita banatzaileen eskura jartzen duen banku txartel bat eta langile horiek kalifikatzeko sistema bat ere. Azaldu zuen, era berean, konpainiak zehazten duela eragindakoen ordaintzeko modua oinarrizko tarifa baten arabera.
LABeko eta CCOOko ordezkariek argudio horiekin bat egin zuten. Glovoren abokatuak, aldiz, auzia “kasuz kasu” aztertzeko eskatu zuen, eta ez Gizarte Segurantzaren eskariak planteatzen duen modu orokor batean.
Beste kasu batzuk
Gipuzkoan Glovoren aurka egiten den lehenengo prozesu judiziala da, baina ez Euskal Herriko lehenengoa. Izan ere, antzeko kasuak egin dituzte azken urteotan, esaterako, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean eta epaileek Glovoren aurkako epaiak atera dituzte behin baino gehiagotan.