Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?
IRUTXULOKO HITZAk atzo parte hartu zuen 'Hordago'-k antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.
Galdera potoloen atzean beti daude erantzun potoloak. Bi orduk ez dute nahikoa ematen, are gutxiago autobus greba dela eta jendeari iristea kostatzen bazaio. Miriam Najibi Hordago-ko kazetariak egin du aurkezpena, “hiperbisibilizazioaren eta inbisiblizazioaren artean” kokatuz pertsona migratzaileek ohiko hedabideetan duten protagonismoa.
Lucia Mbomio: “Ez dugu B narratiba baterako eskubiderik”
Lucia Mbomio kazetari ezagunak hartu zuen hitzaldiaren gidaritza, hedabideek pertsona migratzaile eta arrazializatuen inguruan egiten duten trataera aztertzeko. Xehetasunez betetako hitzartzean, gogoratu zuen jendeak “buloak sinesten baditu”, dela “mendeak daramatzagulako narratiba jakin batzuekin”. Bereziki,”gorputz beltzek” jasaten duten trataera: “XVI. mendetik eman da gorputz beltzen deshumanizazioa —esklabotza helburu— eta narratiba horren arabera daude eraikiak gaur egungo narratiba asko eta asko”.
“Kontatzen denaz gain, kontatzen ez dena da arazoa”, Mbomiorentzat: “Ez dugu B narratiba baterako eskubiderik”. Horregatik, migratzaileen bueltan dauden usteen eta propaganda nola lantzearen inguruan egin du gogoeta: “Noiz arte zara migratzaile? Ni migratzailea naiz, Madrilen jaio arren? Zenbat belaunaldiz deitzen gaituzte migratzaile?”
“Immigrazionalismoaz” hitz egin zuen, eta horren inguruko hamaika adibide lotsagarri eskaini, hau da, immigrazioaz sentsazionalismoz hitz egiteko hedabideek duten joeraz: “Delinkuentzia, gertaera estraordinarioak edo barregarriak dira”.
Baina ez da ikerketa helburu soilez ari, horrek guztiak gorputz arrazializatuetan duten eraginaz hitz egin du Mbomiok: “Geure gorputzetan jasaten ditugu propaganda hauen ondorioak. Berriz ari gara ikusten eskuin muturraren manifestazioak Madrilen”. “Egunerokotasunaren narratiba bat eraiki behar dugu; ez soilik hona iristen den jendearena, baizik eta jada hemen dagoenarena. Badute zer esana eta zer kontatua”, aldarrikatu zuen.
Xalba Ramirez: “Urtebete daramagu argitaratzen migratzaileen kontrako eraso eta mehatxuak”
“Euskal komunitatearen eta beste herrialdeetatik etorritakoen artean zubiak” eraiki beharraz jardun zuen IRUTXULOKO HITZAko kazetari Xalba Ramirezek. Horretarako sortu zuten duela bi urte Ongi Etorri Auzora atala, Ongi Etorri Eskolara elkartearekin elkarlanean. Mbomiok apuntatzen zuen ildotik: “Behin hona etorri direnek, euren bizi proiektuez hitz egiteko espazio bat sortzeko, eta ez soilik migratzaile kondizioaz hitz egiteko”. Egunerokotasunaren narratiba horren inguruan beste ikuspuntu bat egitea garrantzitsua da, eta hori “elkarlanean” egitea aldarrikatu zuen: “Migratzaileez hitz egiteko, bestela, salbuespen uneetan soilik hitz egin daitekeela dirudi, eta, ez, gure komunitatearen parte dira, eta norabide horretan egin behar dugu lan”. Bide horretan, “geure erredakzioak demokratizatu behar ditugula” uste du Ramirezek, eta “gai hauek lantzen dituzten eragileen parte hartzea sustatu”.
Bestalde, azken urteetan Donostian izandako segurtasunaren inguruko arazoak izan zituen hizpide Ramirezek: “Delinkuentzia txikiaren igoeraren aitzakian, diskurtso arrazistak, joera autoritarioak eta polizia indarkeria handitu dira, eta horiek nola tratatu hausnartu behar izan dugu”. Izan ere, delinkuentziaz hitz egiteko soilik Poliziaren datuak soilik erabiliz gero, oso mugatuta zaudela uste du: “Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak adierazi zuen 600 polizia interbentzio egin zituztela azken hilabeteetan Egian, bertako egoeraren adierazle. Zer esan nahi du horrek? Zergatik 600 eta ez 1.200? Zer egin zen interbentzio bakoitzean? Zertarako balio izan zuten? Iturri bakarra Poliziaren datuak badira, ez zara delinkuentziaz ari, jardun polizialaz baizik”.
Segurtasunaren aitzakiarekin “migratzaile onak eta txarrak” bereizten ari direla ohartarazi du Ramirezek: “Lehen esaten zen gure lanak lapurtzera zetozela. Orain ez, orain nahi dugu etortzea, guk egin nahi ez ditugun lanak egiteko, hain zuzen”. Lo Que No Te Cuentan de Donosti taldeak bete duen “izu sozialaren” bozgorailu lana bete duela aztertu du, eta tokiko hedabideek, sortze egoeran dauden “talde erreakzionarioen benetako aurpegia” azaleratzen lagundu dezakeela uste du, baita Kaleko Afari Solidarioen aldeko babesa sortzeko ere.
Tokiko prentsaren “potentzialiltatearen” inguruan gogoeta egin zuen Ramirezek: “Bereziki, euskarazko tokiko prentsa ikusi izan da halako ‘gertaeren’ atal gisa: gazta txapelketa, eskola kirola, bertso saioa eta auzoetako jaiak… Guk hori egiten dugun arren, badugu beste gauza bat gainontzeko prentsak egin ezin dezakeena: arazoei gertuko jarraipena egitea”. Albiste bat zer den eta zer ez, hori da kazetaritza eredu ezberdinen arteko aldea, Ramirezen ustez: “Guk urtebete daramagu argitaratzen migratzaileen kontrako eraso eta mehatxuak, eta genealogia erraz ikus daiteke, baita ere, zer den datorrena”.
“Garaiaren kronika eta hiriaren narratiba ezberdinak” eskaintzeko bokazioa du tokiko kazetaritzak Ramirezen ustez, eta arrazakeriaren gaian, “problema handia nola errotzen ari den aztertu, eta batez ere, nola moztu daitekeen” ulertzen laguntzekoa.
Hibai Arbide: balio al du zerbaiterako kazetaritzak?
Nazioarteko kazetaria da Hibai Arbide, orain, batez ere, El Pais egunkarirako lana eginez Grezian. Migratzaileen kriminalizazioaren testuinguruaz hitz egin zuen Arbidek. Hasieran, Open Arms gisako elkartasun egitasmoen eredu izan zen Grezia, eta, urte gutxian, eskuin muturrera biraketa izugarria egon da: “Besteak beste, GKE-ei itsasoan lan egitea debekatu dietelako”.
Lesbosen lan egiten du, duela hamar bat urte milaka errefuxiaturen etorrera izan zuen uhartea: “Egoera hau kronifikatu zen, baina atentzio mediatikoa aldatu zen. Hasieran, elkartasuna erakustea izan zen hedabideen helburua, baina gero bizilagunei sortzen zizkien arazoak izan ziren”. Arbidek azaldu zuenez, hedabide guztiek zerbitzuen “kolapsoaz” hitz egin zuten, baina inork ez zuen azaltzen zergatik ari zen gertatzen hau, eta, batez ere, zergatik ez zen bestelako “bide segururik eskaintzen migratzaileentzat”. Honela, eskuinak “egonezin” hori aprobetxatu zuen, “ez gobernuen kontra egiteko, baizik eta pertsona migratzaileen kontra egiteko”. Muturreko egoerak azaldu zituen: “Checkpoint faxistak egiten hasi ziren, jendea egurtzen, etxeak eta autoak erretzen… Erabateko inpunitatearekin jardun zuten”. Honela, “bizilagunei molestia gehiago ez sortzea erabaki zuen gobernuak, eta besteak beste, berehalako kanporatzeak handitzen hasi zen”.
Kanporatze hauek, ordea, itsasoan ematen direla gogorarazi du Arbidek, eta, beraz, itsasontzien arteko borroka batean bihurtzen direla: “Nik hau entzunda nuen, baina bertan lanean hasi arte, ez nuen guztiz sinistu nahi. Izugarrizko biolentzia mailak ari dira jazotzen, eta egunero-egunero gertatzen ari da hau”. Arbidek biolentzia hauen inguruko erreportaje eta ikerketa ugari egin ditu, eta uneren batean, pentsatu zuen “zerbait aldatzea” lortuko zuela honekin. Baina, ez.
Kazetaritza ereduaren inguruan hausnartzera darama honek: “Non nahi dugu lan egin, kazetari gisa? Itzal handiko hedabide handi batean? Edo txikiagoa den batean, baina geure balioekin bat?”. Erantzun pesimista eman zuen: “Akaso ez batean, ez bestean ez dira nahi ditugun helburuak betetzen”. Orduan, zertarako egin lan hau?
Greziako langile pakistandarren elkarte bat ekarri zuen gogora. 2010etik 2012ra bitarte, Egunsenti Urrekara alderdi naziko kideek Aspropyrgoseko nekazari pakistandarrak jipoitzen zituzten, kasik bi egunean behin zegoen jipoiren bat. Poliziarenera salaketa jartzera joaten zirenean, ordea, ez zuten bermerik, eta erresidentzia baimenik ez zutenez, kanporatzeko mehatxua jasotzen zuten. Honela, langileak euren artean antolatu, eta jasandako jipoien erregistro zehatz bat egin zuten: eguna, ordua, lekua, deskribapena… Ez zuten publikatu, ez zuten ezer egin horrekin, soilik artxibo lana egin zuten.
Pavlos Fyssas rap kantariaren hilketaren ostean, alderdi naziaren kontrako ofentsiba sozial eta judiziala izan zen, eta epaiketan aurkeztu zen proba garrantzitsuenetako bat izan zen Aspropyrgoseko nekazari pakistandarraren artxiboa, erakusten zuelako Alderdi Urrekararen delinkuentzia jarduera “jarraitua eta sistematikoa zela”. Honela, “ezertarako balio ez zuela uste zuten zerrenda honek, balio izan zuen Europako alderdi nazi garrantzitsuena legez kanporatzeko”.
“Egiten dugun lanak batzuetan ez du ezertarako balio, baina egiten jarraitu behar dugu; egunen batean balioko duelako”, gaineratu zuen.