Anoeta estadioa Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izango da
Donostiako Anoeta estadioa 2030eko Munduko Futbol Txapelketako zelaietako bat izango da. Jakina zen txapelketako hautagaien artean zegoela, baina aukeratua izan dela baieztatu du FIFAk asteazken arratsaldean.
2030eko Munduko Futbol Txapelketa Espainia, Portugal eta Maroko artean jokatuko da, FIFAk gaur bertan baieztatu duenez. Espainiako Futbol Federazioak uztailean aurkeztu zion FIFA erakundeari txapelketarako hautagai gisa ikusten zituen futbol zelaien zerrenda, tartean Anoeta. Donostiako Udala, bestalde, harremanetan jarri zen aurretik Espainiako Futbol Federazioarekin, Anoeta estadioa hautagaitza horren barruan sartzeko interesa zuela helarazteko.
Azken urteotan, besteak beste, Frantziako Tourraren etapa bat eta errugbi partida handi batzuk hartu ditu hiriak, eta orain Munduko Txapelketako partida batzuk hartuko ditu. Horrek, noski, are bisitari gehiago ekarriko ditu hirira. Azkenekoz, 1982an jokatu zen Munduko Futbol Txapelketa Espainiako Estatuan, baina orduan Donostiak ez zuen partidarik hartu.
Udala, pozik
FIFAren erabakiaren pozik agertu da Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotzia: “Mugarria da Donostiako kirolarentzat eta gure hiri osoarentzat. Munduko Txapelketa bateko partidak hartzea da hiri batek kirolaren arloan lor dezakeen lorpen handienetako bat, eta Donostiak lortu du Realak eta erakundeek elkarrekin egindako lan handiari esker, udala buru dela”.
Anoeta estadioak edukiera 2.000 eserleku ingurutan handitu beharko dute, obrak eginez, 40.000 pertsonako edukierara heltzeko, Gabarainek gaineratu duenez. Hain zuzen ere, Jokin Aperribai Realeko presidenteak atzo iragarri zuen estadioa handitu nahi duela klubak, klubeko bazkide egiteko itxaron zerrenda dagoela aipatzearekin batera.
Hogei estadio
Hiru estatu horietako hogei estadiotan jokatuko da 203oeko Munduko Futbol Txapelketa, gehienak Espainiako Estatukoak: Madrilgo Santiago Bernabeu (Real Madril) eta Metropolitano (Atletico Madril), Bartzelonako Camp Nou (Bartzelona) eta Cornella-El Prat (Espanyol), Bilboko San Mames (Athletic), Coruñako Riazor (Deportivo), Zaragozako Romareda (Zaragoza), Sevillako Cartuja (Sevilla), Malagako Rosaleda (Malaga) eta Kanarietako Kanaria Handiko Estadioa (Las Palmas).
Bestalde, Marokoko sei estadiotan ere jokatuko dituzte partidak, eta Portugalgo hirutan. Halaber, lehenengo munduko txapelketatik ehun urte beteko dira, eta 1930eko txapelketa hura Uruguain jokatu zen, eta, hori dela eta, Latinoamerikan izango dira inaugurazioko hiru neurketak: Montevideon (Uruguai), Buenos Airesen (Argentina) eta Asuncionen (Paraguai). Txapelketa 2030eko ekainaren 8an edo 9an hasiko da eta uztailaren 21ean bukatu.