«Taldeak egoerari buelta eman eta konfiantzarekin jokatu behar du»
Ibaeta Basket txanponaren bi aldeak bizitzen ari da denboraldi honetan. Ligan hiru porrot jarraian kateatu dituzte, baina Europako Kopan dena irabazi dute. Aranzazu Muguruza (Donostia, 1968) entrenatzaileak ezin du kezka ezkutatu, baina argi dauka taldeak hobera egingo dutela.
Denboraldi hasiera ez da erraza izaten ari. Zer dela eta?
Bi lehiaketari aurre egitea zaila da. Gainera, hamar jokalariko taldea dugun arren, bik denbora daramate min hartuta. Beraz, zortzi jokalarirekin gabiltza bi txapelketetan maila eman nahian. Ondorioz, partidei aurre egiteko aldaketa gutxiago ditugu, eta jokalari batzuk ez dagokien lekuetan jarri behar ditugu, halabeharrez. Hori gutxi balitz, emakumezkoen ligako maila altua da, eta zailagoa da emaitza onak lortzea.
Bi jokalari garrantzitsu dituzue min hartuta: Delicia Washington eta Iris Mbulito.
Denak dira garrantzitsuak, baina egia da min hartuta dauden bi jokalari hauek taldearen maila hobetzen dutela. Washington aurki berreskuratzea espero dugu, baina Mbulitok denbora gehiago beharko du osatzeko.
Ligan hiru porrot jarraian daramatzazue. Batez ere, azken biak izan dira gogorrenak markagailuari erreparatuta. Nola ari zara kudeatzen ligako bolada txarra?
Ez da erraza izaten ari. Gironan galtzea aurreikusi genezakeen, liderrak direlako eta oso sendo dabiltzalako. Markagailuak ez zuen islatu bi taldeen arteko aldea, gehiegizkoa izan zelako, eta ez genuelako horren partida kaskarra jokatu. Ordea, azken laurdenera indarrez oso justu iritsi ginen.
Mingarriagoa izan zen Gaskan Ferrolen aurka galtzea. Gure mailako taldea da, gai gara haiek menderatzeko, baina ez genuen neurketa ona jokatu.
Ez da erraza hau guztia kudeatzea, baina aurrera egin behar dugu. Ondo legoke min hartuta dauden jokalariak pixkanaka errekuperatzea, eta jokatzen ari direnek sasoi puntu hobeago bat lortzea. Taldeak egoerari bueltan eman eta konfiantzarekin jokatu behar du.
Dena dela, partidek aurrera egin ahala, taldeak hobera egingo duela uste duzu?
Bai, uste dut talde hau lehiakorra dela, eta horretarako maila duela. Bai ligan, eta baita Europan ere. Horrela ere, lehiaketa bakarra jokatzera pasatzen garenean, denbora gehiago izango dugu ligako neurketak prestatzeko, eta horrek arnasa emango digu maila hobea emateko.
Kezkatzen zaitu taldea ligako putzuan ikusteak?
Noski, ez da batere atsegina. Dena dela, egungo postua behin-behinekoa da partida bat gutxiago jokatu dugulako. Valentziaren kontrakoa ez genuen jokatzerik izan, han bizitako uholde larriengatik. Ez da arerio erraza, baina oraindik jokatu gabe dago. Une honetan, hiru garaipen ditugu, baina beste bat lortuta beheko postuetatik erdikoetara pasatu zaitezke, beraz, kezkatuta bai, baina sailkapenean gora egiteko konfiantzarekin. Horretarako, partida gehiago irabazi behar ditugu lehen itzulia bukatu aurretik.
Zenbat neurketa irabazita konformatu zinateke?
Lehen itzulian sei neurketa irabaztea da gure erronka, batez ere, bigarren itzulia lasaiago abiatzeko. Ederra litzateke hori lortzea. Horrekin batera, Gaskan garaipenak lortu nahi ditugu gure zaleen aurrean. Asko kostatzen ari zaigu etxean irabaztea, eta guretzat oso garrantzitsua da.
Europako Kopako multzoen fasean dena irabazi duzue. Lorpen horrekin gustura?
Egia esan, ezin hobea izan da multzoen fasean eman dugun maila. Partida guztiak irabazi ditugu, eta gainera ondo jokatuta. Ez genuen uste neurketa guztiak irabaziko genituenik, baina taldeak maila oso ona eman du, ziurrenik, presiorik gabe aritu garelako.
Europako Kopan arerio zaila egokitu zaizue final-hamaseirenetako kanporaketan; Frantziako Charnay taldea. Haien kantxan jokatuko duzue gaur joaneko partida (20:00). Emaitza ona lortzeko konfiantza duzue?
Bai, noski, baina jakitun gara oso zaila izango dela. Charnay talde ona da, eta Europan orain arte erakutsi dugun joko maila onena berretsi beharko dugu emaitza on bat lortzeko. Ikusteko dago fisikoki taldeak nola erantzungo duen, bi jokalari garrantzitsuren falta nabarituko dugulako.