Donostiako Maizterren Liga, 1920an sortua «etxejabeen tirania» borrokatzeko
'Liga de Inquilinos de San Sebastian' izenarekin sortu zen, 1920ko abuztuan, Donostiako maizterren antolakuntza tresna izan zen lehen etxebizitza sindikatua. Historia laburra izan zuen arren, helburuak balio die gaurko etxebizitza sindikatuei: «Defentsa beharrean dauden klase baxuen ongizatea lortzea».
Hori bai entzuten dugula ezker-eskuin: «Donostian betidanik egon da etxebizitzarekin arazoa». Hedabide honetan atera genituen, bai, datuak 1813ko hiriaren suntsiketaren ostean hasi zirela lehen espekulazio praktikak, eta horrekin batera, «etxebizitzaren arazoa». XIX. mendearen amaieran, hiriaren garapen burgesak espekulazioa eta azpietxebizitza ekarri zituen. Betikoa, langile eta migratzaileak hiriaren kanpoan, etxe kaskarretan, eta jauntxo eta burgesak hiriaren erdigunean.
1920ko abuztuaren 10ean, Maizterren Ligaren Buletina aurkeztu zen: «Donostiako maizterren interesen defentsarako organoa».IRUTXULOKO HITZAk lehen alea berreskuratu du Fundacion Sancho el Sabiori esker. Kontatzen denez, «etxejabeen tiraniari» aurre egiteko antolatu zuten hainbat lagunek Maizterren Liga, Espainian sortu ziren bestelako ereduei jarraiki. Itxuraz, eztabaida puri-purian zegoen, Espainiako Grazia eta Justizia ministroak hainbat deklarazio egin baitzituen bezperan, esanez «ez zuela gehiago onartuko maizterrak zapalduak izatea».
Mila kide izatera heldu zen Donostiako Maizterren Liga, etxejabe «diruzaleei» gehiegikeriarik egiten ez uzteko helburuz
Ez ziren gutxi «etxejabe diruzale» horiek aurrera eramaten zituzten «gehiegikeria» horiek, esaterako, «ura, telefonoa, igogailua eta beste zerbitzu batzuk kentzea». Itxuraz, maizterrak babesteko lehenengo legeak hasi ziren adosten. «Legeak betetzeko egiten dira, eta lege dekretu hau gauza oso serioa izango da», zioten maizterrek. Eta ez alferrik, buletinaren amaieran prentsan jasotako hainbat artikulu batzen dira, tartean, hainbat etxejabe kartzelatu zituztela «alokairuen disposizioak ez betetzeagatik», «kontratuak faltsutzeagatik» eta Pedro Molina deitzen zen bat, etxe bat saltzea «simulatzeagatik», maizterrak etxegabetzeko helburuz.
«Historia pixka bat»
Gaur esaten den moduan, duela ehun urte ere esaten zen arazoa atzetik zetorrela. Honela kontatzen zuten Maizterren Ligako kideek Donostiaren egoera: «1916. urteaz geroztik, ezinegon handia nabaritzen hasi zen etxebizitza gabeziari dagokionez, eskaria eskaintza baino handiagoa zelako eta etxeen eraikuntza gelditu zelako. Honi gehitu behar diogu, hoteletan ostatu hartuta, gerra amaitzeko zain zeuden atzerritar askok, gerra luzatu egin zela ikustean, gela finkoetan geratzea erabaki zutela, eta horrek areagotu egin zuela etxebizitzarik ezaren krisia».
Hori gertatu ahala, «kontzientziarik gabeko jabe batzuk eta administratzaile burugabeek, ikusirik beren maizterrek, kanpin-denda batean bizitzen ez jartzeagatik, eskatzen zitzaiena ordaintzea beste erremediorik ez zutela, errentak arretarik gabe igo zituzten, beren handinahiak ase gabe, zeren ez baitziren pozik behin gora egitearekin, urte berean hiruzpalau aldiz errepikatzen baitzuten zoria, familia xume asko miseriara eta gehienak sakrifiziora eramanez». Etxejabeek «aitzakia» gisa erabiltzen zuten «jabetzaren eta lehen mailako gaien igoera», kontuan hartu gabe «haiek zirela horren guztiaren erantzuleak», ligaren arabera, «zeren hirietan errentak igotzen zituzten bezala, gauza bera egiten baitzuten baserrietan eta herrietan», ekoizleek laborantzaren fruituak garestituz.
Mila kideko mugimendua
Ligaren kontra «etxejabe diruzale» batzuek «propaganda» egin arren, indarrez sortu zen mugimendua. Honela kontatzen zuten: «Hala ere, gure elkarteak baditu mila bazkide, benetakoak direnak, arrazoia eta justizia defendatzeko prest daudenak (…). Guztiok, gizon bakar batek bezala elkarturik, lan egingo dugu etxejabeen amarru eta ihesbideen bidez zapaltzen ez uzteko». Kontuan izanda garaian 67.281 biztanle zituela Donostiak, ez zen ez, zenbaki txikia.
Buletinean lanez betetako etorkizun bat iradokitzen den arren, ez da bestelako dokumenturik ezagutzen, eta ligaren inguruan dakigun guztia honaino mugatzen da, oraingoz. Erakusten du, ordea, etxebizitzaren arazoaren atzean, beti, edo ia beti, izan direla etxejabeen diru goseak, eta beti, edo ia beti, arazoari erantzuna eman zaiola elkarrekin eta antolatuta. 100 urte beranduago, halaxe dabiltza etxebizitza sindikatuak Euskal Herriko luze zabalean lelo berari jarraituz: «Maizterrengatik dena eta dena maizterrentzat».