Goiko postuetan egonkortzeko partida erabakigarria
Kanariar Uharteetatik Donostiara etorriko dira Realeko bi taldeen arerioak. Teneriferen aurka ariko dira neskak bihar, Zubietan (18:30). Sailkapen nagusiko laugarren tokiari eusteko eta arerioa urruntzeko aukera paregabea dute. Izan ere, kanariarrak hiru puntura daude seigarren tokian. Eibarren kontrako euskal derbian puntu bakar bat eskuratuta, etxean garaipena lortzea ezinbestekoa da. Mutilek, berriz, Las Palmas hartuko dute etzi, Anoetan (18:30). Europa ligan irabazita, Anoetako bolada onari jarraipena ematen saiatuko dira txuri-urdinak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek bai ala bai irabazi beharreko partida jokatuko du etzi, Gaska kiroldegian (12:00). Ensino taldearen bisita izango dute, eta ligako porrotak ahazteko norgehiagoka izan behar da. Hiru galdu dituzte jarraian, eta bada garaia etxean irabazteko. Gainera, Laura Cornelius fitxaketa berria jokatzeko moduan izango dute. Aldiz, Gipuzkoa Basketek Zamoraren kantxan jokatuko du etzi (12:30).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilak Logroñon ariko dira bihar (14:30). Milenio Panthers azken sailkatuaren aurka ariko dira, eta haien lekua hartu nahi ez badute, irabaztea besterik ez dute.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala – Tenerife (bihar, larunbata, 18:30)
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala – Las Palmas (etzi, igandea, 18:30)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ensino (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 12. jardunaldia
- Zamora – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 12:30)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Milenio Panthers – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 14:30)