Panpinek eta peluxeek agur esango diote Loiolari
Loiolako jaiotza bereziak hogei urte bete ditu. Urtemuga borobilarekin, baina, jarduera etetea erabaki du bere sortzaile Pili Jauregi Zinkunegik. Apaingarrien agurrarekin, aro berri bat hasiko da auzoan.
Astebete baino gehiago darama Donostiak haizearekin eta euriarekin. Kalean ez da giro. Loiolako plazatxoan pare bat lagun baino ez dira, euren txakurrekin paseoan, blai dauden panpina eta peluxe artean. Pili Jauregi Zinkunegik, baina (Egia, 1954), ez du bi aldiz pentsatu, eta lorategiko barrenera sartu da.
Oinetakoak lohitzen hasita, jaiotza atontzeari ekin dio: «Ai, ama! Panpina honen burua okerra dago. Hara! Begira non dagoen okindegiaren beste partea!». Orduak eta orduak eman ditu jaiotzaren panpinak eta iruditegia sortzen. «Bost ordu egunean, hilabete luzez», zehaztu duenez. Baina denboraleak utzitako irudiari erreparatu bitartean, barrez lehertzen hasi da: «Neska, bizitza honetan umorea behar da. Tristurak eta dramak beste batzuentzat».
Ingurua txukundu eta gainerakoa «eguraldia baretzen denerako» utziko duela baieztatu ostean, ekin diogu elkarrizketari. Loiolako kafetegi batean eserita, kafesne eta opil artean, hasi da Jauregi bere bizitzako ateak irekitzen. Kontatu du Tabakalerako zigarrogilea izan zela 30 urtez, eta fabrika ixterakoan, konpentsazioa hartu eta bere kasa moldatu zela: «Beti izan naiz abila eskuekin. Eta enkarguen bitartez josi izan dut, han eta hemen». Abila ez ezik, azkarra ere bada eskulanetan, eta horrek «saltsa guztietan» parte hartzeko aukera eman dio. Inauteriez gain, auzoko jaietan eta danborradan ere aritu da, urte luzez: «Festa ikaragarri gustuko baitut», berretsi du.
Peluxe eta panpina andana
Azken urteotan, ordea, Gabonen bueltan bereganatu du protagonismoa. Hogei urtez, Loiolako jaiotza ipintzen aritu da: «Panpina guztiak neronek sortuak dira, jantzi eta guzti». Jauregik azaldu duen moduan, 2004an egin zuen Loiolako lehen jaiotza: «Jubilatuentzako jaiotza moduko bat egiteko eskatu zidaten, eta plazatxoan bertan jartzeko». Panpinak jarri eta gutxira, ordea, kentzeko abisua iritsi zitzaien: «Baina nik ez dut sekula jaramonik egin. Baimenak, zertarako?».
Hasieran, jaiotza panpinez zegoen osatuta soilik, eta ez zuen egungo peluxeen arrastorik: «Nik egindako sei panpina ziren. Baina, egun batean, haur batek peluxe bat utzi zuen aldamenean, eta polita iruditu zitzaidan». Lehen peluxe horretatik, 2.000 izatera pasatu dira hogei urtean: «Zaborretan topatu ditut, garbigailuan garbitu eta jaiotzara gehitu ditut», aitortu du. Panpinak ere ez dira atzean geratu: 170 inguru sortu ditu eskuz, urteotan guztiotan.
Jauregik onartu du jendeak behin baino gehiagotan galdetzen diola panpinen eta peluxeen gordelekuaz: «Elizako soto guztia nirea da, eta hori ateoa naizela», dio, barrez. Etxeko garbigailutik pasatu ostean, elizako sotoan gordetzen ditu urte osoan zehar: «Ni pixkanaka hasten naiz eta, ondoren, guztiaren andre eta jabe egiten naiz».
Materialari dagokionez ere, elementu asko auzoko obretan topatutakoak direla dio: «Edozer gauza baliatu dezakegu eskulanetarako». Ordea, panpinak tente mantentzeko materialak halabeharrez erosi behar izaten ditu: «Burdin luze batzuetan eta bridetan dirutza utzi ohi dut». Aitortu du, inguruko batzuek noizean behin gastuei aurre egiten laguntzen dioten arren, ez dela nahikoa izaten sortu behar den guztia sortzeko: «Udalera ere jo dut, baina diote ezin dutela lagundu, kristaua delako. Nola izango da ba kristaua, peluxez beteta badago?».
Peluxeez gain, Eguberrietan eta auzoan ohikoak izan diren momentuak islatzen ditu jaiotza bereziak. «Okindegi bat sortu nuen, duela urte asko auzoan zegoen okindegi bat islatzeko», azaldu du. Komertzioak islatzen dira bereziki, baina merkatariez gain, auzokide maitatu batzuek ere badute bere txokoa: «Adoptatu genuen gazte bat hil zenean, bere panpina sortu nuen, eta berdina egin nuen auzoko ile apaintzaile maitatu baten heriotzaren ostean ere». Ironiarako tartea ere topatzen du, noiz edo noiz: «TAOaren postua ere badugu jaiotzan, noski»
Aro berri bat
Laguntza faltak, bere osasun egoerak eta azken urteotan areagotu diren oztopoek, baina, erabaki bat hartzera bultzatu dute Jauregi: aurtengoa izango da azken jaiotza. Irribarrea galdu gabe, aitortu du «ikaragarrizko pena» ematen diola, lana baino, terapia gisa ikusi izan baitu beti: «Lagun min baten heriotzaren ostean hasi nintzen eta hogei urtez aritu naiz. Gauzak, baina, une gorenean daudenean utzi behar dira».
«Gauzak unerik gorenean daudenean utzi behar dira, eta hala egingo dut, inauteriekin egin nuen moduan»
Pili Jauregi, Loiolako jaiotzaren sortzailea
Eguberriak igaro ostean, Hernanira eta Nafarroako herri batzuetara bidaliko dituzte panpinak, beste jaiotzetan baliatu ditzaten. Peluxeak, bestalde, errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte: «Aurretik eramaten ez badituzte, noski». Azaldu duenez, urteotan ez dira gutxi izan, baliabide faltaren aurrean, haurrei opariak egiteko jaiotzatik peluxe bat edo beste hartu dituztenak: «Peluxe mordoa daude, hortaz, aprobetxatu dezatela aurten, behar adina hartzeko».
Auzokide asko ere penatuta daudela dio: «Leku guztietan daude erretxinak eta ozpinduak, noski, baina, oro har, arrakastatsua izan da. Gehien asebetetzen nauena jendearen hitzak dira, eta hori daramat».
Etorkizunera begira egingo duenaz galdetuta, Jauregik argi du: «Ni ez naiz aspertuko». Mahaian hizketan jarraitzen duela, beste bizilagun batek agurtu du, eta aipatu dio eskulanen ikastaro batera bidean doala. Bada, lagunak izkina hartu eta desagertu denean bota du esaldia: «Begira, orain badugu zer egin. Apuntatuko zara ikastaro horretara nirekin?».