Alaia Martin Etxebeste, Gipuzkoako tronuaren erregina berria
Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Beñat Gaztelumendirekin buruz burukoa lehiatu ostean. Oiartzungo bertsolariak hasiera-hasieratik ebakuntza-gela bateko bisturi zorrotzaren gisan plazaratu du bere bertsokera.
7.000 bertsozaletik gora bildu dira Donostia Arenan jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Zortzi protagonista zeuden oholtza gainean kantatzera deituak: Alaia Martin (1099,5 p.), Beñat Gaztelumendi (1054,5 p.), Oihana Iguaran (637 p.), Ane Labaka (626 p.), Aner Euzkitze (617 p.), Nerea Elustondo (590 p.), Andoni Rekondo (578,5 p.) eta Eneritz Artetxe (574,5 p.). Saio gogoangarria eskaini digute zortzi gipuzkoarrek. Ariketaz ariketa eta bertsoz bertso banan-banan xehatzeko moduko saioa izan da. Guztiek sortu dituzte bertsoaldi distiratsu bezain dotoreak eta horiek guztiak laburbiltzen saiatuko gara ondorengo letren josturetan.
Martinek bere lehen txapela lortu du bere laugarren finalean. Oiartzungo bertsolariak ebakuntza-gela bateko bisturi zorrotzaren eran plazaratu du bere bertsokera hasiera-hasieratik. Jaun eta jabe izan da Martin Donostia Arenako bertso-festan. Bere izenaren esanahiari jarraika, etengabeko alaitasunean ibili da mikrofonoaren aurrean jarri den aldi bakoitzean. Uneoro ekarri du bere aldarria nahi izan duen lekura, hausnarketa zorrotz eta zirraragarriekin. Azpimarratzekoak lehenengo ofizioko lau bertsoak eta kazetariaren paperetik torturak jasan dituenari egiten dion elkarrizketaren bertsoaldia. Baina bat ateratzekotan, akats larri bat egin du puntutan librean zortzi bertso osatzerakoan. Bertsolariak puntutan sarri ez dira ohartzen zenbat bertso kantatu dituzten denera eta Alaiak zortzigarren bertsoa hasi gabe Gaztelumendiri ‘’eseri beharko’’ direla bota dio zazpigarren bertsoko azken puntuan. Gaztelumendi bera ere momentuan ez da ohartu azken bertsoa falta zitzaiela amaitzeko eta Iriarte gai-jartzaileak ere ez die adierazi bi bertsolariei zortzigarrenaren faltan zeudela.
Gaztelumendi aipatu dugunez, bere lanaldia aztertzeko abagunea hartuko dugu. Añorgako bertsolaria oso fin ibili da. Erregulartasunaren testigua izan da eta esan nahi zuen guztia bere eztarritik gure belarrietara goxo helerazi du. Bere bosgarren finala zen, azken bi txapelketak irabazi ostean, gaurkoan bigarren egin du. Diskurtso ederrak josi ditu teknika apartarekin eta uneoro txapelaren borrokan ikusi dugu. Bere bi ganbarakoak ikaragarriak izan dira, behin eta berriz entzutekoak. Gaiak ederki lurreratu ditu eta bere kontzientzia politiko eta etikoa bikain landu ditu bi bertsoaldi horietan. Amaierako agurrean bere azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izan dela ulertarazi du eta beraz, hemendik aurrera, Euskal Herriko edozein plazetan eta Txapelketa Nagusian ikusiko dugu. Gipuzkoa-mailan harro egoteko ibilbidea jorratu du Gaztelumendik eta tristura puntu bat ere izango du despedida bere hirugarren txapelik gabe egin izanagatik. Hala eta guztiz ere, izango du parada 2026. urteko udazkenean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Buruz burukotik puntu erdira gelditu da Iguaran amasarra. Gaztelumendi bigarren postuan igaro da Martinekin egin duen buruz burukora 637,5 punturekin eta Iguaranek 637 puntu erdietsi ditu. Indartsu zetorrela bagenekien Iguaran, aurtengo edizioan sekulako maila erakutsi baitu bertsotan eta faboritoen zerrendan ez zegoela hain urrun suma zitekeen. Bere estiloa ia ariketa gehienetan argitara ekarri du eta gustura eta harro egoteko moduan etxeratzeko aski arrazoi bazituen. Honek ere, 2019ko ediziotik aurtengora ikaragarrizko kalitatezko jauzia egin du eta bere muga oraindik urrun dagoela aldarrikatu du.
Laugarren postuan gelditu da Labaka bertsolaria. Lasartearrak bere errimatzeko era estu-estu horri hasieratik heldu dio eta arrazoi txalogarriak eskaini dizkigu Donostia Arenako plaza bete-betetik. Bere bigarren finala zuen jarraian eta Labakarengan ere ikus daiteke azken bost urteetan egin duen gorakada.
Aner Euzkitze ere bikain ibili da eta horren adierazle nagusia bere lehen finalean sekulako patxada eta erraztasunarekin jardun izana da. Bosgarren postua eskuratu du eta buruz burukotik 20 puntu eskasera soilik egon da. Lehenengo ariketan irristada txiki bat egin duelako, bestela txapela janzteko borroka betean izango zen zarauztarra. Erraz sortu du bertsoa, 22 urterekin bertsolari gazte onenaren saria eman dio Patxi Goikoleak eta etorkizun laburrean zein luzean izango diren txapelketetarako hautagai sendo bat izango denaren lagina utzi du Donostian. Azpimarratzeko noka nola ibili diren Iguaran eta Euzkitze hamarreko txikiko elkarrizketan. Normalean, oso bertsolari gutxik erabakitzen dute hitanoa erabiltzea txapelketako formatuan eta euren bertso-mailarekin ausardia handia eta segurtasun ikaragarria dutela erakutsi dute bi bertsolariek; bejondeiela.
Seigarren postua Elustondori egokitu zaio. Legazpiarra urduri eta lotuta nabaritu dugu saioaren hainbat momentutan eta ez du ohituta gaituen maila eta ironia horretatik kantatzerik lortu modu erregular batean behintzat. Hala eta guztiz ere, ale ederrak utzi dizkigu eta sufritzen zegoen une horietan ere eutsi egin dio bertsokideari eta sasiz betetako bideak garbitzen ahalegindu da. Kontuak kontu, txapelketa bikaina egin du eta ilea urdintzen zaion arte txapelketetan ikusiko dugula aldarrikatu du bukaerako agurrean. Aurtengo finaleko beteranoena zen eta bere esperientzia eta bizi ikuskerak kolore polita ematen dio Gipuzkoako bertso munduari.Beraz, jarrai dezala bertsotan aspertzen den arte, guk beheko aulkietatik gustura entzungo baitugu bat-bateko hitzen eraikuntza errimatuan.
Rekondo hernaniarra zazpigarren gelditu da. 25 urteko bertsolariak bere lehen txapelketa zuen eta bere lehen finalean bikain eman dio hasiera. Umore freskoa eta bertsokera oso propioa erraz atera ditu bere eztarritik. Hasierako bi ariketetan ederki ibili da eta hortik aurrera zertxobait kosta zaio kantuan aritzea. Euzkitzerekin batera egin du lehen ofizioa eta hor izan da bitxikeriaren bat. Izan ere, nahi zuten doinu eta neurrian launa bertso bota behar zituzten binaka Iker Iriartek jarritako gaiari eta lau bikoteetatik hiru zortziko handian ibili dira kantuan. Rekondo eta Euzkitze izan dira bost puntuko berezi batean kantatu duten bakarrak. Bertsozaleon artean bazegoen lehenengo ariketa puntuagarriarekin bertsolari bikote bakoitzak hautatuko zuen neurriarekin zalantza eta ikusmina. Bikote gazteenak merezi du aipamen berezia; esanguratsua baita, finalista berriak izanda, hartu duten erabaki ausart hori.
Hiru ziren azkenengo edizioko finalarekin alderatuta genituen protagonista berriak: Euzkitze, Rekondo eta Artetxe. Ederki ibili dira eta ez zaie nabaritu debutari izanagatik urduritasunik edo tentsiorik. Artetxeri egokitu zaio zortzigarren eta finaleko azken postu. 574,5 puntu eskuratu ditu azkoitiarrak eta horrek argi eta garbi uzten du Artetxek ere besteek adina distira eta bertso txalogarri sortu dituela. Hemendik aurrerako txapelketa eta plazetan gehiagotan ikusiko dugulakoan nago Artetxe. Behin plazak areagotzen direla, bertso-maila ere ikaragarri areagotzen da eta izango du oraindik bertsolaritzaren munduan nahi beste eskailara igotzeko aukera. Sailkapen fasetik, fase guztiak banan-banan gaindituz joan da Rekondo eta Euzkitzerekin batera. Hori egitea benetan zaila da, finalera heldu baitira azpi-azpitik 2019an Labakak egin zuena errepikatuz.
Pozgarria da bene-benetan, zortzikotean egon den bertso-maila apartaren lekuko izana aurtengo finalean. Elkarren arteko harreman leiala eta laguntzeko prestutasuna azpimarratzekoak izan dira. Alboko bertsokidea mimoz zaindu dute eta horrelakoetan bertsoak askoz hobeak izaten dira. Publikoak ere lagundu du, giroa ederki berotu dute hasieratik amaieraraino. Pena ematen digu aurtengo txapelketa bukatu izanak, hurrengoa dena ondo dela, 2028an izango da eta laur urte luze izango ditugu aurretik. Bitartean, 2026an, Gipuzkoako bertsolaritzari erreparatuz, herriarteko txapelketa antolatzeko asmotan daude eta urte horretan bertan, udazkenean, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izango dira ia bi dozena gipuzkoar.