«Planak ez die erantzuten Altzaren beharrei»
Altzako masifikazioaren aurkako elkarretaratze eta protesta jendetsua egin dute, Harria parkean.
Ekialdeko auzoetan 5.000 etxebizitzatik gora eraikitzea aurreikusten du hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakinak. Gehienak, Altzan, eta, bereziki, Auditz Akular berdegunean —3.000 etxebizitza—. Horren kontra, elkarretaratzea eta protesta zaratatsua egin dute Altzako Harria parkean Ekialdeko auzoetako herritarrek.
Plan orokorrari egindako iradokizuna irakurri dute jendaurrean, urtea bukatu baino lehen Donostiako Udaletxean erregistratuko dutena. Altzarako eta Ekialdeko Barrutirako “desorekatua eta jasanezina” dela salatu dute: “Planak ez die erantzuten Altzaren beharrei, eta, gainera, hiriarekin alderatuta, desoreka handia dagoen egoera larriagotuko du”.
Datuak plazaratu dituzte. Ekialdeko Barrutian, 5.360 etxebizitza berri eraikitzeko asmoa du udalak. Altzan, 4.105 etxe. Horietatik, 3.249 Auditz Akularreko eta Esnabideko urbanizazioetan, eta beste 856 Altzako hainbat auzotan banatuta: Jolastokietan (Zardoya-Otis), Oletan, Alfen, Errotetan, Txingurrin eta Herreran. Intxaurrondon, berriz, 1.255 etxe gehiago, eta Bidebietan bat ere ez.
“Altzan, etxebizitza berriek, lehendik daudenak baino %50 gehiago egitea ekarriko luke, gaur egun 8.246 etxebizitza baitaude Altzan, 2019ko datuen arabera. Horrek are gehiago larriagotuko luke gure auzoen egoera”, deitoratu dute. Horrekin batera, egungo biztanleria %50 baino gehiago handituko litzatekeela ohartarazi dute: “30.000 baino biztanle gehiagoko kontzentrazioa eragingo dute”.
Planaren “gabeziak”
Oso kritiko agertu dira planak Ekialdeko Barrutiarentzat aurreikusten duenarekin. “Plan honek ez du inbertitzen gaur egungo eskasia historikoak konpontzeko, ez Altzan eta ezta Ekialdeko Barrutian ere. Gabezia horiek larriagotu egingo dira etorkizunean”, salatu dute. “Planak Altzarentzat duen diseinu honek ez dio bere filosofian esaten duenari erantzuten, eta are gutxiago asebetetzen ditu gure auzoen beharrak”, gaineratu dute.
Donostiak behar duen etxebizitza “babestua” dela aldarrikatu dute: “Eta ez librea. Gainera, hiri osoan tartekatu behar da, gaur egun hutsik dauden eraikinetan eta auzo zein eremu guztietan, ghettoetan kontzentratu gabe”.
Eragile hauek bat egin dute gaurko deialdiarekin: Altzako Historia Mintegia, Altza XXI Herri Ekimena, Altza Elkartasuna, Herrerako Herripe auzo elkartea, Osteguna elkartea, Oleta auzo elkartea, Buenavistako auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, Gure Bidea elkartea, Altzania elkartea, Bizarrain euskara elkartea, Ostadar elkartea, Showtime dantza taldea, Elkarte Berri, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea, Bidebietako Bideak auzo elkartea, Intxaurdi elkartea, IZBE auzo elkartea, Marruelkar elkartea eta Plazandreok.