Plazara Goaz elkarteak jaso du lehen Bagera Saria
Estreinako aldiz, Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak sari propioa banatu du. Hau da, Bagera Saria. Euskararen alde lan egiten duten pertsona, talde eta elkarteen lanari ikusgarritasuna ematea dute helburu. Horrela, aurten, Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara batzordea saritzea erabaki dute. Hain zuzen ere, 25 urte bete dituzte aurten.
“Ez da kasualitatea izan. Zuek, Plazara Goazeko kideok, 25 urte baino gehiago daramatzazue Intxaurrondon euskararen alde lanean. Urte hauetan guztietan egindako ekarpenak auzoan eta komunitate osoan eragin handia izan du”, adierazi zuen Alai Kruse Goenaga Bagerako kideak. “Eskerrik asko euskararen alde egindako lanagatik eta inspirazio iturri izateagatik”, gaineratu zuten Aitziber Gurutzeaga Bagerako kideak.