Erakusketa esanguratsu batzuk hartuko ditu San Telmo museoak 2025ean
San Telmo museoak datorren urterako aurreikusi dituzten erakusketak eta ildo nagusiak aurkeztu ditu. Askotarikoa da eskaintza, eta museoak hainbat erakusketa esanguratsu hartuko ditu urtean zehar.
Aldi baterako erakusketei dagokienez, Ipuscua 1000 urte, Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025 izenekoa nabarmendu dute. Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik, nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen jasoko du. Urtarrilaren 18an inauguratuko dute, eta maiatzaren 11ra bitarte ikusi ahal izango da.
Beste hiruak, berriz, hauek dira: Memoriaren basoak —otsailaren 22tik maiatzaren 11ra—, Lorategi bat soinean —maiatzaren 30etik irailaren 28ra—, eta Amazoniak. Antzinako etorkizuna —azarotik 2026ko urtarrilera—.
Laborategi aretorako, bestelako erakusketa interesgarriak prestatu dituzte. Estreinatzen lehena Argia San Telmo museoan izango da. Izan ere, iraganean, museoak eta Argia dantza taldeak espazioa partekatu zuten museo zaharrean. Apiriletik ekainera bitarte bisitatu ahalko da. Bestalde, Jazzaldiaren 60. urteurrena islatuko duen erakusketa antolatu dute, uztailatik irailera bitartean ikusi ahal izango dena. Horiez gain, beste bi aurreratu dituzte: Landa arrazionalismoa eta Artea abian.
Museo Bikoitza
Beste espazio batzuetako programazioa ere aurreratu dute. Esaterako, Museo Bikoitza programarena. Seigarrenez egiten ari dira, Maddi Barber artistaren Harria eta poltsa erakusketarekin. Datorren urteko azaroaren 16ra bitarte ikus daiteke. Zazpigarrena ere iragarri dute, parte hartuko duten artistekin: Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar.