Grebara deitu dituzte hezkuntza publikoko langileak
LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek grebara deitu dituzte Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hezkuntza publikoko langileak, urtarrilerako eta otsailerako. Hala iragarri dute gaur (hilak 16) Bilbon egin duten agerraldian.
Guztira, hamabi greba egun egingo dituzte: irakasleak grebara deitu dituzte urtarrilaren 22rako eta 23rako eta otsailaren 26rako eta 27rako, Haurreskolak partzuergoko langileak urtarrilaren 28rako eta 29rako eta otsailaren 12rako eta 13rako eta sukaldariak eta garbitzaileak urtarrilaren 30erako eta 31rako eta otsailaren 19rako eta 20rako. “Hezkuntza publikorako diru inbertsioa handitzeko garaia da, eta langileon eskubideen urraketa geldiaraztekoa”, nabarmendu dute.
Argi dute grebara jotzea beharrezkoa dela: “Hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak etengabe luzatzen dituztelako eduki esanguratsurik gabe”. Ildo beretik, gogorarazi dute aipaturiko talde guztien hitzarmenak “iraungita” daudela, eta, beraz, “negoziatzeko garaia” dela.
Eskaera zehatzak
Sindikatuek azaldu dutenez, hainbat eskaera nagusi dituzte: lan karga arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko lanpostuen gaztetze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, lanpostu publikoak egonkortzea, lanpostuak bermatzea eta egonkortzea, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta baliabideak jartzea kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko.