Easoko trenbidearen eremua antolatzeko urratsa egin du Eusko Jaurlaritzak
Nazioarteko lehiaketa publiko bat egingo dute "garapen berritzaile bat" sustatzeko.
Bi urte luze igaro dira Donostiako Udalak Easoko trenbidearen eremua eta ingurua antolatzeko proposamena aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzari helarazi zionetik. Zehazki, 2022ko otsailaren 22an izan zen, eta, hau da Amarako eta Amara Berriko eremu horretarako aurreikusitakoa: 450-500 etxebizitza eta ekipamenduetarako zazpi eraikin egitea 36.350 metro koadroko antolaketa eremuan.
Ordutik, udalak ez du beste ezer iragarri, baina Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila lanean aritu da. Horrela jakinarazi dio Denis Itxaso Etxebizitza eta Hirigintza Agenda sailburuak El Diario Vasco egunkariari. Une honetan, Jaurlaritza hiri antolamendurako plan orokorraren (HAPO) aldaketa partzial bat lizitatzen ari da Easoko trenbidearen eremuan hirigintza proiektu bat bultzatzeko. Izan ere, lursailaren zati handiena Jaurlaritzarenarena da.
Itxasok gaineratu duenez, nazioarteko lehiaketa bat egingo dute Easoko trenbidearen eremuan “garapen berritzaile bat” sustatzeko. Guztira, 500 etxebizitza inguru eraikiko direla berretsi du, eta horietatik 400 Jaurlaritzak kudeatuko dituela. Gainera, babes ofizialekoak eta alokairu bidezkoak izango dira. Aldiz, gainerako 100 etxebizitzen nolakotasuna Donostiako Udalak erabakiko du. Hau da, babes ofizialekoak izango diren edo ez.