Etxebizitza larrialdiaren konponbide bila
Alejandro Inurrieta ekonomian doktoreak eta PSOEren garaian etxebizitza ministerioaren aholkulari izandakoak hartu du goizeko hitzartze nagusia. Kritika zorrotza du Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian egindako etxebizitza politiken inguruan: “Hemen ez da etxebizitza politikarik egon, higiezinen politika bat baizik”.
Europako gainontzeko herrialdeekin alderatuta parke publiko falta jarri du erdigunean, gogora ekarriz parke publikorik ezean, hartzen diren neurri gehienak mugatuak izango direla: “1960. hamarkadan egin zen gutxia jabetzara bideratuta egon zen. Ongizate estatuaren paketean osasungintza eta hezkuntza publiko fuerteak izatea ikusten dugu, baina ez etxebizitza”.
Ohartarazi du Espainiako hiri askotan atzerriko kapitalak “hiriak kolonizatzen ari direla” —Donostian ere moduren batean gertatzen ari dela azaldu du—: “Azken urtean erosi den etxebizitzen %50 eskura ordaindu dira”. Hau da, diru asko-asko dutenek erosten dituztela bi etxetik bat. “Ez dago inolako frenorik espekulazioari, eraikinak eta auzoak osorik ari dira erosten, eta horrekin merkatua osorik kontrolatzen dute”.
Soluzio “bakarra” ikusten du Inurrietak: “Estatuak interbentzio masibo bat egin behar du”. Hainbat dira jarri dituen puntuak: fiskalitatea, lurraren gaineko zergak eta jabetza publikoak, etxe hutsak eta espropiazioak, adreiluzko eraikinetatik bestelako material berrerabilgarri eta merkeetara pasatzea, besteak beste.
Tentsio Handiko Eremuez eta alokairuaren prezioak mugatzeaz ere hitz egin du. Azaldu duenez, New Yorken aspalditik dago alokairua mugatuta, eta prezioa %15 merkeagoa da gainontzeko hiriekin alderatuta. Ordea “hau ez da soluzio bat”, batez ere, parke publiko nahikorik ez denetan.
Etxebizitzaren auzian dagoen lobby lana salatu du, eta bera administrazio publikoan egonda izandako esperientziatik gogora ekarri du nola enpresariek presioak egiten dituzten “batzuetan modu onean, eta besteetan ez hain onetan”, legeak onartzeko edo aldatzeko. Turismoaren auzian dauden etxebizitza ereduak jarri ditu horren adibide.
Sektore ezberdinetatik ekarpena
Iratxe Delgado LABeko kidea, Ainize Butroi, Ipar Euskal Herriko ALDA mugimenduko kidea eta Karlos Renedo Hiritik At kooperatibako bazkide eta EH Bilduren zinegotzia Bilbon izan dira bigarren zatian ekarpena egiten.
Delgadoren ustetan, etxebizitza bihurtu da “arrakala soziala” areagotzen duen aldagai nagusia, lan merkatuaren ostean. Horregatik, sindikalgintzatik antolatzeko apustua: “Merkatuaren bidez egiten den bitartean, beti egongo da etxebizitza eskubidetik kanporatua dagoenik; ezin da etxebizitza eskubideaz hitz egin”.
Parke publikoa handitu behar dela ados daude Renedo eta Delgado. Ordea, eraikuntza politikan neurriak hartu behar direla uste du: “Erdialdeetan luxuzko etxebizitzak ari dira eraikitzen, eta erosgarriak direnak periferietan”. Horregatik, parkea handitzea bai, baina “interes pribatuak” eten behar direla uste dute.
Etxe hutsen inguruan neurriak hartzea da lehenengoetariko neurri bat. Renedoren ustez, Bilbo moduko hiri batean, non ofizialki 600 lagun dauden kale egoeran, etxe huts bat izatea “luxu bat da”. Etxe hutsak dituzten jabe handiak “desjabetzearen” alde agertu da, eta okupazio tresna politiko gisa erabiltzea komenigarria dela uste du: “Egia esan, harritzen nau zeinen okupazio gutxi dauden, bizi dugun larrialdia ikusita”. Edonola ere, etxe hutsak dauden bitartean eraikitzen jarraitzea “irrazionala” dela iritzi du Renedok.
Etxebizitza turistikoen gaiari lotuta, neurri zehatzak behar direla aldarrikatu dute, gentrifikaziotik turistifikaziora pasa den hirietan, zeinetan etxebizitzak jada ez diren bizitzeko. Aldarrikapen sinplea plazaratu dute: “Etxebizitzak bizitzeko izan beharko lukete, eta ez aktibitate ekonomikorako”. Delgadok zehaztu duenez, turismoaren “iruzurra” ezin da inon salatu, eta maizterrak tresnarik gabe aurkitzen dira.
Honela, gaur egun etxebizitzarako ematen diren laguntzak suposatzen duten “partxeaz” hitz egin dute: “Ez badugu merkatua interbenituta laguntza guztiak partxeak dira”. Gainera, etxejabeen poltsikora joaten da dirua askotan, alokairuaren prezioak garestituz. Horiez gain, Inurrietak azaldutakoaren ildotik, “kontratuak kontrolatzeko” tresnak sortu behar direla uste dute. Renedok “higiezin publiko erraldoi moduko bat” irudikatzen du, kontratuak kontrolatu ahal izateko.
Izan ere, eta Delgadok hasierako analisian esan moduan: “Etxebizitza eskubidea merkatuaren bidez egiten den bitartean, beti egongo da etxebizitza eskubidetik kanporatua dagoenik eta ezingo da etxebizitza eskubideaz hitz egin”.