'Tabakalera belaunaldia' omenduko du datorren urtean Tabakalerako zine programazioak
Tabakalerak 2025eko zine denboraldi berria aurkeztu du. Denboraldia urtarrilaren 10ean hasiko da, Tabakalerako pantaila partekatua sustatzen duten erakundeen eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elias Kerejeta Zine Eskola eta Tabakalera. Tabakalerak hamar urte beteko ditu datorren urtean eta zine-programazioa efemeride horren luzapena izango da, urte hauetan egindako bidea eta lana balioesteko aukera.
‘Tabakalera Belaunaldia’
Tabakaleran, moduren batean edo bestean, euren ibilbidea garatu duten zinemagileak omenduko dituzte aurten. Ikusmira Berriak 10 urte zikloaren xedea da atzera begiratzea eta Ikusmira Berriak zine egonaldiaren hamar urteko ibilbidea “esploratzea eta ospatzea”. Horretarako, programaren barruan garatu eta dagoeneko amaituta dauden eta Donostia Zinemaldia edo Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Márgenes, Torino edo Mar del Plata bezalako zinema-jaialdietan aurkeztuak izan diren 21 film proiektatuko dira.
Lehen saioan, urtarrilaren 25ean, Pablo Alvarezen El extraño (2016) film laburra eta Kiro Russoren El gran movimiento (2021) film luzea eskainiko dira. Otsailaren 1ean, bestalde, Leo Calicek eta Gerhard Tremlek zuzenduriko Calipatria etaHelena Girónen eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte (2021) lanak eskainiko dira. Otsailaren 8an Gwendolyn Green (Tamyka Smith, 2017) eta All Dirt Roads Taste of Salt (Raven Jackson, 2023) lanen txanda izango da, otsailaren 15ean Troterena (Xacio Baño, 2018) eta martxoaren 8an Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte, 2019) lanarena.
Jarraian, oraindik data zehazteke duten programatutako beste titulu guztiak zehazten dira: Chupacabra (Grigory Kolomytsev, 2020), Stephanie (Leonardo van Dijl, 2020) eta Creatura (Elena Martín Gimeno, 2023), Jo ta ke (Aitziber Olaskoaga, 2020), Fantasía (Aitor Merino, 2021) —Amaia Merinok ere film honen proiektu fasean parte hartu zuen—, El agua (Elena López Riera, 2022), Suro (Mikel Gurrea, 2022), Pornomelancholia (Manuel Abramovich, 2022), Antier noche (Alberto Martín Menacho, 2023), O Corno (Jaione Camborda, 2023), Dormir de olhos abertos (Nele Wohlatz, 2024), Ulysses (Hikaru Uwagawa, 2024) eta Monólogo colectivo (Jessica Sarah Rinland, 2024). Ikusmira Berriak ekimenekoak izanik ere, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) eta Arantza Santestebanen 918 gau (2022) ez dira atzerabegirakoan proiektatuko, Euskadiko Filmategiaren Euskal Emakume Zinemagileen zikloan eskaini berriak direlako. Nolanahi ere, bi zinegileek ospakizunean parte hartuko dute zikloaren film bat aurkeztuz.
Urteurrena osatzeko, liburu bat argitaratuko da (udaberrirako aurreikusia). Bertan, Ikusmira Berriak ekimenari buruzko ahotsak, irudiak eta gogoetak jasoko dira. Programan parte hartu duten hamar zinemagileri egindako elkarrizketez gain, tutoretzetan parte hartu duten edo proiektua bultzatu duten erakundeetako ordezkarien ekarpenak ere jasoko dira. Funtsean, egonaldiaren 10 urteak kontatu eta bere historiaren parte diren 53 zinemagileak bilduko dituen memoria bat da.
Ekainaren 13tik 15era bitarteko asteburuan, Tabakalera Belaunaldia jaialdia egingo da. Bertan, EKZEn garatutako proiektuak eta nazioarteko hainbat jaialditan estreinatutako filmak proiektatuko dira, gorabidean dagoen zinema talentua sustatzeko programetan garatu direnak, hala nola Noka. Euskal zinemagileek zuzendutako film luzeen tutorizazioari, laguntzari eta babesari eskainitako ekimena da, eta 2019an hasi zenetik hogei bat emakume zinemagilek parte hartu dute.
Feminismoa Tabakalerako zine programaren beste ardatzetako bat izango da. Protagonismo berezia izango du Nosferatu edo Euskal Emakume Zinemagileen bosgarren edizioa bezalako zikloetan, bai eta 2025ean egingo diren ziklo espezifikoetan ere: Patricia Mazuyri eskainitako atzera begirakoa edota Zinea eta Literatura uztartzen dituen Chantal Akermanen ingurukoa. Azken horretan Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte idazleek parte hartuko dute. Ikuspegi eta praktika feminista, halaber, beste ziklo eta proiekzio batzuetan ere nabarmenduko dira, programazioan landuko diren gaien edo gonbidatuen bitartez.
‘Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zineko istorio feministak’
Datorren urtarrilaren 15ean, Tabakaleran, Nosferatu ziklo berria hasiko da: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez.
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2025eko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
1896tik, Alice Guy aitzindari frantsesaren lanekin hasita (bera izango da lehen saioan protagonista eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera) gaur arte, ziklo honek emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.
Atzerabegirakoari hasiera emateko, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino (klasikoak) aitzindarien lana erakutsiko da; jarraitzeko, beste askoren artean, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen (modernoak) filmak izango dira, eta udazkenean itxiko da, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Isabel Coixet eta Mati Diop bezalako zinemagile bitxiekin.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, 2025eko urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran editatuko da.