Bi herritarrek salatu dute Ertzaintzak euren hizkuntz eskubideak urratu eta isuna jarri diela
Arartekora jo dute herritarrek, eta erakundeak Segurtasun Sailari eskatu dio Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko.
2023ko urriaren 18an, 21:00etatik 22:00etara, Donostiako bi herritarrek (A.A. inizialak dituen emakumea eta M.R. inizialak dituen gizona) eztabaida bat izan zuten Ertzaintzarekin, eta agenteek euren hizkuntz eskubideak urratu zituztela eta tratu desegokia eman zietela salatu dute.
Izan ere, hainbatetan eskatuta ere, ertzainek ez zituzten euskaraz artatu, identifikatu egin zituzten eta 602 euroko isun bana jarri diete. A.A.k eta M.R.k Arartekora jo zuten 2023ko azaroaren 11n, eta ebazpena argitaratu du orain herriaren erakunde defendatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari gomendatuz “beharrezko neurriak har ditzala Ertzaintzak euskaraz arreta ematea bermatzeko”.
M.R.k hedabide honi azaldu dionez, “argi” dute epaitegietara joko dutela isunak atzera botatzeko eskatuz. Halaber, adierazi du orduko lehendakari Iñigo Urkulluri, orduko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriari eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekari idatzi bidez eman zietela gertatutakoaren berri idatziz.
Gaizki aparkatutako autoarekin hasi zen
M.R.k hedabide honi azaldu dionez, aipaturiko egunean Altzako taberna batean zerbait hartzen ari ziren, M.R.k autoa bertan gaizki aparkatuta zuela. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu eta autoari argazkiak egiten hasi zenean, M.R.k adierazi zien autoa berea zela. Agenteek ondo aparkatzeko agindu zioten eta hala egin zuen. Era berean, A.A.k ertzainei adierazi zien iruditzen zitzaiola bazirela auzoan beste egoera batzuk bizilagunak gehiago kaltetzen zutenak, garai horretan kale berean okupatuta zegoen lokal bati erreferentzia eginez, hainbat arazo egon baitziren auzoan hilabete horietan bertan bizi ziren pertsonen harira.
Arartekoak jaso eta M.R.k azaldu duenez —gertakarien audio grabazio bat dauka—, ertzainetako batek A.A.ri esan zion berari gazteleraz hitz egiteko, baita A.A.k erantzun ere, une horretan bera lanean ari zenez eta funtzionarioa zenez, berak herritarren aurrean ez zuela hizkuntz eskubiderik, baizik eta A.A. zela hizkuntz eskubideak zituena eta berak euskaraz artatua izan nahi zuela. Horri modu txarrez erantzun zion agenteak, gazteleraz, eta agente zenbakia emateari uko egin zion. Joateko asmoz autoan sartu zenean, A.A.k argazkia egin zion autoaren matrikulari.
Jarraian, Arartekoaren ebazpenean jasota dagoenez, Antiguako komisariara deitu zuen A.A.k, gertatutakoaren berri emateko. Telefono deia hartu zuen agenteak ere gazteleraz artatu zuen herritarra, eta A.A.k eskatu zionean euskaraz zekien norbaitekin pasatzeko, ertzainak galdetu zion ea uste zuen hori jatetxe bat zela eta telefonoa eskegi zion. Deia amaitzean, bertan zegoen patruilako agenteek identifikatzeko eskatu zioten A.A.ri, gazteleraz; herritarrak euskaraz galdetu zion ea zein delitu zantzu zegoen identifikazioa eskatzeko eta agenteak interpretatu zuen identifikatzeari uko egiten ari zela.
M.R. autoa aparkatzetik itzuli eta elkarrizketa grabatzen hasi zen, eta, horren harira, identifikatzeko eskatu zioten ertzainek, horretarako delitu zantzua zein zen azaldu gabe. A.A.k Bilboko komisariara deitu zuen jarraian, eta, orduan bai, euskaraz artatu zuen telefonoa hartu zuen agenteak; M.R.k nabarmendu du ertzain horrek ondo tratatu zuela AA eta Donostiara deituko zuela eta bueltan deituko ziola esan ziola. Telefonoz hitz egiten ari zela, Ertzaintzaren furgoneta bat heldu zen, beste bost agente jaitsi ziren, M.R. miatu zuten eta kartera eta NANa kendu zioten, identifikatzeko.
Bilboko agenteak bueltan deitu zion A.A.ri, eta esan zion Donostiako ertzainek aipatu ziotenaren arabera agente gehiago bidali zituztela euskaraz zekitelako eta eurak artatuko zutela euskaraz. Herritarren arabera, ordea, agenteetatik inor ez zen beregana gerturatu hitz egiteko. Azkenean, Bilboko agenteak esan zion lasai egoteko, ohiko prozedura dela identifikatzeko eskatzea, ez dela ezer gertatzen horregatik, kontatu zionaren arabera deliturik ez zuela egin eta identifikatzeko lasai eta dena amaituko zela horrekin. Deia amaitzean, hasieratik bertan zegoen ertzainetako batek euskaraz eskatu zion A.A.ri identifikatzeko eta hala egin zuen; A.A.k ertzainei hasieratik eskatu bazien ere euskaraz artatua izan nahi zuela, euskaraz zekien agente horrek ez zuen ordura arte euskaraz hitz egiteko asmorik agertu.
Ertzaintzaren bertsioa onartu du Jaurlaritzak
Arartekoak Ertzaintzaren bertsioa jaso du baita ere, Segurtasun Sailaren bidez. Horren arabera, identifikatzeari uko egiteagatik jarri dizkiete isunak, nahiz eta A.A.k eta M.R.k, nabarmendu dutenez, identifikazioa euskaraz eskatzeko esan zieten agenteei, ez identifikatu nahi ez zutenik. Era berean, Segurtasun Sailak egindako barne ikerketaren arabera, A.A.k eta M.R.k, jarduketaren hasieratik, jarrera desafiatzaile eta desobeditzailea izan zuten.
Era berean, Arartekoak jaso duenez, Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Burutzak (BAB) parte hartu zuten ertzainen bertsioa onartu du, hau da, bi herritarrek identifikatzeari uko egin ziotela eta errespetu falta izan zuela A.A.k. Halaber, BABek onartu du Donostiako komisariako ertzainak ez ziola behar bezala erantzun A.A.ren deiari, eta ertzain horri diziplina espediente bat irekitzeko eskatu dio Segurtasuneko sailburuordeari.
Arartekoaren gomendioa
A.A.ren eta M.R.ren kontakizunak eta bertan zeuden lekuko batzuen testigantzak zein Segurtasun Sailaren informazioa aztertu ostean, Arartekok ondorioztatu du ertzainen jarrera eta egindako gorputz arakatzea tratu iraingarritzat hartu daitezkeela, eta, beraz, ez dagoela zehapen proposamenerako legezko oinarririk, herritar horiek euren burua identifikatzeari uko egiteagatik.
Horrela, Jaurlaritzari bidalitako gomendioan, Arartekoak herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzea ezinbestekotzat jo du, eta, era berean, administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra duela gogorarazi du, bereziki testuinguru publikoetan. Era berean, polizia arloko hizkuntz trebakuntza indartzeko eskatu du, eskubide berdintasuna sendotzeko. Azkenik, A.A.ri eta M.R.ri barkamena eskatzeko eskaera instituzionala bidaltzeko aukera proposatu du Arartekoak.