Euskal futbol selekzioaren ofizialtasuna eskatu du Donostiako Udalak
Euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruko erakunde adierazpen onartu zuen asteartean Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin. EH Bilduk aurkeztu zuen adierazpena hilaren 11n, eta, horren bidez, “Donostiako Udalak dei egiten dio Nazioarteko Futbol Federazioari eta dagokien administrazioei euskal futbol selekzioaren ofizialtasuna onar dezan”.
2030eko Munduko Futbol Txapelketaren harira egin dute adierazpena: “Bizirik den herri bat dagoela munduari erakusteko beste aukera paregabe bat izango dugu 2030eko Munduko Futbol Txapelketan, baita Donostian ere. Donostiako Anoetako zelaia, Munduko Txapelketako egoitzetako bat izango da, aukera paregabea izango dugu gure hizkuntza, gure ezaugarriak eta gure nortasuna nazioarte mailan erakusteko”, dio erakunde adierazpenak.
Ildo horretatik, hirian egin diren azken kirol ikuskizun handienetako bat aipatu dute, baita azken Korrika ere: “Denboran atzera gehiegi egin gabe, iazko uztailean, herri harrotasun erakustaldia egin zen gure hirian, Donostian, Tourra gure herriko errepideetan ibili zenean. Joan den martxoan, gauza bera egin zen, Korrikari sostengua eta babesa erakutsiz gure kaleetan ere. Horiek guztiak, herri sentimenduaren, nazio taupada eta nazio anbizioaren erakustaldi aipagarriak izan dira”.
Horregatik guztiagatik, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko probestu dute 2030eko Munduko Txapelketako egoitzetako bat izatea Anoeta: “Euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du euskal kirol selekzioen ofizialtasun eskaerarekin eta donostiarrak ez gara gutxiago. Munduko txapelketa Donostian jokatuko denez, udalaren bultzada behar-beharrezkoa dugu euskal selekzioak Anoetan jokatzeko aukera izan dezan. Horiek horrela, Donostiako Udalak dei egiten dio Nazioarteko Futbol Federazioari eta dagokien administrazioei euskal futbol selekzioaren ofizialtasuna onar dezan”.