Gabonetako argiak adinekoei erakusteko egitasmoa
Bosgarren urtez, Dbusek Argibusa jarduera antolatu du, autobus bat erabiliz adineko pertsonei Donostiako Gabon giroa eta dekorazioa erakusteko. Oraingoan, Txara 2 zentroarekin elkarlanean antolatu dute jarduera, eta bertan bizi diren adineko 35 pertsonak aukera izan dute autobusean irteera bat egiteko eta hirian dagoen gabon giroa ikusteko.
Hiria lagunkoia izaten laguntzeko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin Donostiako Udalak bultzatu duen Donostia Lagunkoia izeneko planaren egitasmoetako bat da. Horrela, jardueran parte hartu duten pertsonek arratsalde alaitsua igaro ahal izan dute eta Gabonetako apaingarriez eroso eta seguru gozatu. Hiritik egin duten ibilbidean hirian funtsezkoak diren hainbat leku ikusi dira, hala nola Alderdi Eder, Artzain Ona eta Loiola kalea, Santa Katalina zubia, Frantziako pasealekuaren ingurua, eta Maria Kristina zubia, besteak beste.
Hirira hurbildu eta Gabon garaian kale argitsuetatik ibiltzeko zailtasuna dituzten 65 eta 98 bitarteko adineko pertsonak dira. Ekimenari esker hainbat lekutatik igaro ahal izango dira –kasu batzuetan leku esanguratsuak–, eta pertsona askorentzat ohikoa den jarduera bat gogoratu eta hurbiletik bizi ere bai. Jarduera horretako partaide gehienek senideekin batera egin dute ibilbidea, esperientzia partekatu ahal izateko, eta zentroko arduradunak ere egon dira beraiekin.