«Gure esfortzua izan zen erakustea modernoa izan zitekeela euskalduna izanik»
Biurriak taldeko kantaria izan zen Gurmendi 1960ko hamarkadan; atzerriko kantak euskaratzen zituzten. Ingeles eta euskara irakasle izan zen hainbat hamarkadatan. Kantatzeko gogoa ez zaio itzali.
Euskaldun gehienentzat ezaguna egin zen haren ahizpa Arantxa Gurmendi aktorea, Goenkale-ko Hortentsi pertsonaiari esker. Baina kontatzeko moduko istorio ugari ditu Ixiar Gurmendik ere (Donostia, 1946). Euskal kultura frankismo garaian pizten ari zen momentua gertutik bizi izan zuen. Parte hartu zuen horretan, Biurriak taldearekin. Irakaskuntzan ere bide emankorra egin du.
«Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi duzuena, baina lehenen eta beti euskaldunak». Hala esan zuen Ramon Saizarbitoriak, gaztetxoa zela, 1966ko urtarrilaren 9an Hernaniko Aitor antzokian (Gipuzkoa). Izena oraindik izan gabe, Ez Dok Amairu taldeak sorrerako jaialdia zuen hura. Biurriak taldekoak ere han zineten. Zer gogoratzen duzu?
Gogoratzen dut antzokia bete-beteta zegoela. Txalo asko egin ziguten. Biurriak taldekoek lau abesti kantatu genituen: Nere Maite [All my loving, The Beatles], Ezko panpin, doñu panpin [Poupée de cire, poupée de son, Serge Gainsbourg], Orain alde egin deikezu [I only want to be with you; Surf taldearen bertsioa] eta Obeto ezagutu [I should have known better, The Beatles]. I only want to be with you kanta originalaren hitzekin ez geunden ados, emakumea egoera sumisoan jartzen baitzuen, eta Madagaskarreko bertsioak esaten zuen «egin dezakezu nahi duzuna, eta alde egin dezakezu», eta hori euskaratu genuen.
Nortzuk zineten Biurriak taldean?
Iñaki Araiz [gitarra baxua], Juanin Iturralde [gitarra solista eta erritmikoa], Juan Mari Gurmendi [bateria], Arantxa Gurmendi eta ni neu [ahotsa, musuteklatua eta panderoa]. Denak donostiarrak ginen, 18-22 urte artekoak.
Talde hori sortu aurretik, Ingalaterran bizipen bereziak izan zenituzten, ezta?
Arantxak eta biok Idazkaritza ikasketak egin genituen, eta ingelesez ikasten ere hasi ginen. Ingalaterrara joan nahi genuen, baina oso gazteak ginen, eta etxean ez ziguten uzten. Baina gure etxe azpian harategi bat bazen, eta haien alaba au pair moduan zegoen Ingalaterran. Amak harremana zuen haiekin, eta harategikoen alabari esker, joan ahal izan ginen au pair moduan Ingalaterrara. 1963an joan nintzen hara, 17 urte nituela. Familia judu batekin izan nintzen, Londrestik gertu.
Zer deskubritu zenuen han?
Dena berria zen. Donostiatik, gehienera, Baionara joaten ginen. Londresen ibiltzea ikaragarria izan zen. Ingalaterrak koloniak zituenez beste toki batzuetan, leku guztietako jendea zegoen. Musikari dagokionez, Donostian Duo Dinamico eta Elvis Presley entzun zitezkeen garai hartan, eta Ingalaterran deskubritu nituen orduko taldeak; The Beatles, kasurako. Gero, Arantxa Donostiara itzuli zen, eta nik Ingalaterran jarraitu nuen.
Elkarrizketa hau Berria-tik hartu dugu CC lizentziei esker. Irakurtzen jarraitu nahi izanez gero, hona hemen osorik.