Udaltzaingoak saltoki eremuetan kontrola areagotuko du Gabonetan
Gabonetako “merkataritza jarduera segurtasunez garatzeko”, zerbitzu berezia abian jarri du Donostiako Udaltzaingoak. Urtarrilaren 6ra arte iraungo du, eta San Sebastian Shopsekin elkarlanean egin dute. Ondorioz, Udaltzaingoak bere presentzia areagotuko du hiriko saltoki eremuetan.
“Gabonetan ohikoa da jende gehiago ibiltzea hiriko saltoki eremu nagusienetan, eta ondorioz, adi egon behar dugu hiritarrek zein saltokiek jasan dezaketen lapurretekin”, adierazi du Marti Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak. “Udaltzaingoak eta San Sebastian Shopsek harreman estua dute, eta hori ikusi ahal izan da saltokien segurtasunarekin lotura duten hainbat proiektutan izan duten parte hartzean. Horien artean, Inspect2 proiektua landu zuten, hain zuzen ere, harremana gehiago sendotzeko balio izan zuen proiektua”, gaineratu du.
San Sebastian Shops egun hauetako jarduerarekin “arduratuta” dagoela esan du Ibabek: “Beraz, prebentzio zerbitzu berezia martxan jarri dugu, eta patruila gehiago ibiliko da saltoki guneak dauden lekuetan. Helburua da, delituak ekiditea eta merkatariei lasaitasuna ematea”.
Salaketak egiteko
Ibabek gogoratu du Udaltzaingoak Interneten kanal berezia duela salaketak egiteko, polizia etxe batera joan beharrik gabe: “Delitu hauen gaineko salaketak modu eraginkorrago batean jaso eta tramitatzeko aukera ematen duen kanala da. Gainera, merkatariek zein hiritarrek salaketa jartzeko ez dute polizia etxera joan beharrik. B@KQ ziurtagiriaren bidez, Donostiako Udalaren webgunean edo Donostia Eskura aplikazioan sartu daitezke tramitera eta modu erosoan egin”.