Eguzkik Aiako Harrian esku hartzeko eskatu die Donostiako eta Irungo Udalei, sektore pribatuek eragindako kalteen aurrean
Eguzki erakunde ekologistak salatu duenez, “zenbait sektore pribatuk kalteak eragin dituzte Aiako Harria parke naturaleko baso publikoetan”. Zehazki, diotenez, bi “mehatxu” hauek daude: Endarako Erreserba Eremuan (Irun) ahuntzak legez kanpo daude eta Oberango basoan (Urdaburu, Donostia) florako espezie exotiko inbaditzaileak ugaritzen ari dira lur pribatuetatik eta kontrolik gabeko ganadua dago (ardiak)”. “Eta gai honen inguruan eztabaidatu izan da Parke Naturalaren Patronatuaren hainbat bilkuratan, bai Donostiako eta Irungo Udalen aldetik, bai mugimendu ekologistaren ordezkarien aldetik”, gaineratu dute ekologistek.
Eguzkiren aburuz, “horrek guztiak ekintza publiko sendoa eta azkarra eskatzen du, bai Irun eta Donostiako Udalena, bai Gipuzkoako Foru Aldundiarena, parkeko baso naturalei egindako kalteak gora egin ez dezaten”. Horregatik, Irungo eta Donostiako Udalei eskatu die “egindako kalteen ondare erreklamazioa egiteko partikular horiei, eta honen berri emateko Europako Batzordeari, ekosistemak kalteen aurreko egoerara itzultzera ere behartuz”.
Inbertsioak
Eguzkik gogorarazi du udalak, bere basoak babesteko asmoz, baso jarduerak egin zituela 2021ean eta 2022an, “Oberango hemeretzi hektareatan espezie exotikoen ordez espezie autoktonoak landatzeko”. “Guztira, 18.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ziren. Basoak funtsezkoak dira klima aldaketa arintzeko, eta jarduera horiek Urban Klima 2050 Life proiektu europar integratuaren esparruan egin ziren. Proiektu hori EAEko klima ekintzako proiekturik handiena da, eta Europako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuekin batera finantzatzen da”, gaineratu dute ekologistek.
Salatu dutenez, halaber, “kalte horiek biodibertsitatea kontserbatzeko helburu publikoak hipotekatzen dituzte, eta milaka euro publiko galduarazi dizkiete Irungo eta Donostiako Udalei, Lakuari eta Bruselari. Aitzitik, partikular horiek, berriz, diru laguntza publikoak jasotzen dituzte beren lurren eta abereen kudeaketa pribaturako”.