Gabonetako Donostiatruk azokan zazpi elkartek parte hartuko dute
Urteko azken Donostiatruk bigarren eskuko azoka larunbatean izango da, hilaren 21ean, Tabakalerako barruko plazan. Gabonetako azoka berezia izango da eta zazpi elkartek parte hartuko dute, partikularrekin batera. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.
Elkarteek beraien jarduerak eta proiektuak azalduko dizkiete interesa agertzen duten herritarrei. Hainbat lan eremutan aritzen dira; hala nola, etorkinen gizarteratzean, laguntza humanitarioan, osasunean, kulturan eta animalien ongizatean. Elkarte hauek parte hartuko dute: ASGICER (Minbiziaren aurkako elkartea), Baobat (Kultura aniztasunaren eta etorkinak integratzearen aldeko elkartea), Chernobil (Txernobylgo hondamendiak kaltetutako adingabeentzako laguntzarako elkartea), Itxasargi (Kristau kultur elkartea), Katuka Lasarte (Animalen ongizatearen aldeko elkartea), Katxalin (Bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartea) eta Pasaportes para Siria (Lekualdatutako eta errefuxiatutako pertsonen ongizatearen aldeko elkartea).
Azokan, ingurumenarekiko sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak egingo dituzte, eta Gabonetako apaingarriak sortzeko tailer bat egongo da, berrerabilitako materialez eginda. Erosketaren bat egiten duten pertsonen artean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko dute Antiguako Orburu jatetxe begetarianoan.