Bera Berari bi partida falta zaizkio urtea borobiltzeko
Eten luzea gaindituta, Bera Bera eskubaloi taldea lehiara itzuliko da. Zuazo bizkaitarren kontrako euskal derbia jokatuko dute gaur, Gaska kiroldegian (20:00). Denbora asko pasatu da azken neurketa jokatu zutenetik —azaroaren 17an izan zen—. Ordutik, gogor entrenatzen jarraitu dute, nahiz eta jokatzea nahiago duten. Hain zuzen ere, bi norgehiagoka falta zaizkio Bera Berari 2024a borobiltzeko –pasa den denboraldiko liga eta kopa, eta egungo sasoiko superkopa irabazi dituzte—. Zuazoren kontra jokatu ostean, hilaren 28an, Kanariar Handien aurka ariko dira, etxetik kanpo.
Futbolean, Galizian jokatuko dute Realaren maila goreneko bi taldeek. Mutilak Celtaren aurka ariko dira bihar, 16:15ean. Txuri-urdinek puntuak batzen jarraitu nahi dute Anoetatik urrun, batez ere, Las Palmasen kontra berdindu ondoren. Dena dela, ez da erraza izango Celta irregularraren zelaian garaipena eskuratzeak. Neskek, berriz, Espainiako Kopako final-zortzirenetako neurketa jokatuko dute etzi, 12:00etan. Txapelketan aurrera egiteko, Coruñako Deportivo gainditu beharko dute. Partida bakarrera jokatuko da.
Saskibaoian, Ibaeta Basketek Europako joko maila ona behar du etzi Joventuten pistan ezustekoa emateko (12:30). Europako Kopan aurrera egin dute Azu Muguruzaren neskek, Charnay frantziarrak kanporatuta. Liga, ordea, beste kontu bat da, eta bolada txarra eteteko beharra dute. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Cartagena hartuko du gaur iluntzean, Illunbeko kantxan (20:30). Etxeko puntuak ziurtatzeko beste aukera bat izango dute.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 10. jardunaldia
- Bera Bera – Zuazo (gaur, ostirala, 20:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia
- Celta – Reala (bihar, larunbata, 16:15)
Emakumezkoen kopa, final-zortzirenak
- Deportivo – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Joventut – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 12:30)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 13. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Cartagena (gaur, ostirala, 20:30)