Etxegabetze arriskuan zeuden Gipuzkoako 183 familien kaleratze aginduak beste urtebetez eten dituzte
Kaleratzeak Stop plataformak hilabete hasieran salatu zuen Donostiako, Irungo eta Errenteriako 183 maizter familia etxegabetze arriskuan zeudela. Hilaren 31ra arte zituzten etenda kaleratze aginduak, eta, pausorik eman ezean, kalean geldituko ziren urte amaieran, “alternatibarik gabe”. Aldiz, plataformak berak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak “konpromisoa” hartu du asteleheneko (hilak 23) Ministroen Kontseiluan onartzeko kaleratze aginduen etetea beste urtebetez luzatzea, 2025eko abenduaren 31ra arte.
Hala ere, hori ez da behin betiko irtenbide bat, eta, ildo horretatik, nabarmendu dute “Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza Sailak eta tentsio handiko eremuak diren 43 udalek erantzun” egin behar diotela “Euskobarometroak argitaratu berri duen euskal herritarren kezka nagusiari, etxebizitza duina eta eskuragarria eskuratzeko arazoari, alegia”.
Gaineratu dutenez, “erantzun hori etxebizitza legea aplikatzean datza. Lege horrek arautzen du alokairuaren prezioen espekulazioa kontrolatzea eta jaistea, amaitzen diren kontratuak hiru urtez luzatzea, euskal etxebizitzaren legea aplikatzea, kanona ezartzea etxejabeek bizitegi erabilerara mugitu nahi ez dituzten etxebizitza hutsei eta lehenbailehen alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eraikitzea”.