Olentzero eta Mari Domingi Urumeatik iritsiko dira Donostiara
Laster helduko da Gabon gaua, eta, horrekin batera, Olentzerok eta Mari Domingik opariak banatuko dituzten txintxoak izan direnen etxeetan. Aurretik, ordea, Donostian pasatuko dute eguna, eta haurrek euren eskutitzak emateko aukera izango dute.
Hain zuzen ere, 12:00etan iritsiko dira Urumea ibaitik Frantziako pasealekuko Gabonetako merkatura, Lizeaga eta Petritegi sagardotegiek utzitako Ala itsasontzian. Ontzi hori mendeetan zehar baserritarrek sagardoa eta bestelako merkantziak garraiatzeko erabili izandakoa da. Hala ere, marearen baldintzek lehorreratzeko aukerarik emango ez balute, Olentzerok eta Mari Domingik bigarren sarbide puntu bat aurreikusi dute Bizkaia pasealekuan.
Azken urteotako ohiturari jarraituz, bestalde, Olentzerok eta Mari Domingik 6 urtetik gorako donostiar oro animatu dute euren autoaren ibilbidea bizikletan jarraitzeko kaleetan barrena, baserritarrez jantzita edo Gabonen inguruko apaingarriekin. Ibilbide hau egingo dute: Urumea pasealekua, Agirre Lehendakariaren zubia, Pio XII.aren plaza, Antso Jakituna hiribidea, Easo kalea, Urdaneta kalea, Hondarribia kalea, Alfontso VIII.a kalea, Bilbo plaza, Getaria kalea, Askatasunaren hiribidea, Santa Katalina zubia, Mirakruz kalea, Ategorrieta hiribidea, Nafarroa hiribidea, J.M. Barandiaran pasealekua, Zurriola hiribidea, Kursaal zubia, Erregina Erregentea, Bulebar zumardia, Hernani kalea eta Alderdi Eder.
Ibilbide osoan zehar, galtzagorri talde baten laguntza izango dute, eta arratsaldeko desfilean lagunduko dieten egurgile batzuk ere aldamenean izango dira. Aurreikusita dago 13:15 aldera iristea udaletxera eta terrazatik eta balkoietatik bertaratzen diren pertsona guztiak agurtzea.
Gutuna emateko aukera
Arratsaldean, 15:30etik aurrera, umeen gutunak jasoko dituzte udaletxean, udal batzar aretoan. Bertan egongo dira 17:30era arte, baina eskutitzak eman nahi dizkieten haurren ilara 17:10ean itxiko dute. Gutunak edo marrazkiak oraindik egin ez dituzten haurrek udaletxeko terrazan bertan prestatu ahal izango dituzte. Bestalde, haurrak baserritarrez jantzita badoaz, Gero Axularreko kideen laguntza izango dute zapia, abarkak edo gerrikoa ezin hobeto jarrita eramateko.
Era berean, ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira osoko bilkuren aretora, heldu batek lagunduta. Aurreko urteetan egin duten moduan, Olentzerok eta Mari Domingik zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin komunikatzeko.
Desfilea, arratsaldean
Desfileari dagokionez, 18:00etan emango hasiko da, Ijentea kalean, eta honako ibilbide hau egingo du: Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea, Loiola kalea, San Martzial kalea, Getaria kalea, Txurruka kalea, Gipuzkoa plaza, Elkano kalea eta Bulebarra.
Aurtengo desfilea ere pertsonaia mitologikoz eta Gabonetako elementuz beteta egongo da. Besteak beste, lamiak, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina izango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak. Horrez gain, Bizikletan Adinik Ez elkarteak parte hartuko du, adineko hiru pertsonaren integratzea ahalbidetuz. Guztira, 500 bat lagunek desfilatuko dute eta 1.000 kilo gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak.
Bestalde, hainbat auzotan ere egongo dira opari emaile maitatuak; hemen dituzue egitarauak.