Ospitalean «doako aparkalekua» aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak
“Garbera eta Urbil merkataritza zentroetan doako parking erraldoiak dauden bitartean, kimioterapia jasotzera doan pazienteak, ingresatutako senidea bisitatzera doanak edota lanera doan ospitaleko langileek parkinga ordaindu behar dute”. Gustu txarreko broma dirudi, baina hau da errealitatea egun, eta halaxe salatu du Donostiako Kontseilu Sozialistak abiatu berri duen kanpainan Osasungintzarekin negoziorik ez! lelopean.
Salatu dutenez, Donostiako Ospitaleak ez dauka nahikoa aparkaleku paziente eta langileentzat, eta dagoen aparkalekua ez dela doakoa. Gainera, jakina denez, eraikin berriaren obrak hastearekin batera, parkingerko plazak gutxitu egin dituzte eta egoera “are gehiago okertuko” dela uste dute.
Eskaintzen ari diren Illunbeko alternatibak ez direla egokiak uste dute kontseilukoek, “urrun” dagoelako. “Molestiaz” eta “ezerosotasunez” harago, “osasun langileen lanerako sarbidea eta pazienteen osasun arretarako sarbidea mugatzen ari direla” salatu dute.
Salatu dutenez, enpresaren irabaziak jarri dituzte lehentasunez: “Donostiako Udalak eta Osakidetzak Frontera parking enpresaren irabaziak lehenesten ditu pazienteen, familiarren eta osasun langileen eskubideen gainetik”. Honela, borrokaldi bat abiatuko dutela adierazi dute, mobilizatzeko deia eginez.