Egiako bizilagunak protestan, osasun arreta hobea jasotzeko eskubidearen alde
Mobilizazioa antolatu dute urtarrilaren 17an auzoko 28 eragilek, anbulatorioko egoera hobetzeko exijitzeko.
Egiako bizilagunak haserre daude auzoko anbulatorioko baldintzengatik. Asteak daramate protestan, sinadurak biltzen eta elkarretaratzeak egiten Egia Bizirik Auzo Elkarteak sustatuta. Orain, manifestazioa antolatu dute auzoko 28 eragilek, urtarrilaren 17rako.
Auzo elkarteak egindako irakurketaren arabera, Osakidetzaren arazo nagusia langile falta da: “Medikuak falta dira, erizainak falta dira, administrazioko langileak falta dira… Arazo orokorra da, eta urte askoren emaitza da, osasun arreta pribatizatzearen alde egiten duen politika baten emaitza”. Arazoa orokorrak, hain zuzen, Egian ere ondorioak dituela salatu dute.
Hainbat adibide jarri dituzte. Gaixotasun bajan edo amatasun lizentziarekin dauden medikuen kasuan, ordezkapenak ez direla egiten, esaterako, eta, egoera hori “hilabeteetan” luzatzen dela salatu dute: “Hilabetetan pediatrarik gabe egon gara Egiako anbulatorioan. Askotan, kontsultara joaten ziren haurrak beste auzo batzuetara bidaltzen zituzten, edo, okerrago, Ospitalera, larrialdietara”.
Honela, salatu dute “nahikoa langile ez dagoenez, askotan gaixo kronikoek ez dute izaten behar luketen arreta. Kasu askotan, azterketak, aldizkako probak eta abar egiteko epeak ez dira betetzen”.
Pribatizazioaren ondorio
Auzo elkarteak uste du auzoko egoera, “arazo orokorra” dela: “Urte luzeetan Pribatizazioaren alde apustu egin duen politikaren ondorio eta emaitza da eskuartean dugun egoera hau. Eredu honen aldaketa atzeraezina da. Beharrezkoa da errotiko aldaketa, unean uneko partxeo eta erretoke faltsuak gainditu eta egiturazko arazoei irtenbidea emango diona”.
Sektore guztiak inplikatzera deitu du auzo elkarteak, eta horretarako, manifestazioa antolatu dute urtarrilaren 17rako, Egian ere kalitatezko Osasungintza Publikoaren alde. Murrizketarik ez. Lehen arreta indartu lelopean. 18:30ean irtengo da Egiako Plaza Berritik, auzoko kaleak zeharkatuz, Plaza Handin ekitaldi batekin amaitzeko.
Egoera honen arduradunek “entzun” ditzaten nahi dute, eta, horregatik, “zarata sartzeko edozein tramankulurekin” etortzea gonbidatu dituzte bizilagunak.
Egoerarekin kezkatuta, 28 eragilek eman diote atxikimendua mobilizazioari: Egia zeinuka, Azoka Txikia, Latxaga guraso elkartea, Donostiako Bilgune Feminista, Asociación Egiatarrra, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Egihaurgunea, Xabier Elkartea, Aitzarte Mendi Taldea, Egia Eskubaloia, Arrano Elkartea, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Txoko Berri Elkartea, Ongi Etorri Eskolara, Josemi Zumalabe Fundazioa, Porrontxo Jai Batzordea, Ateri Koop, Trebeska Dantza Taldea, Gora egia, Gordegia, Egiako Gazte Asanblada, Egiako Sare, Donosti Gain Elkartea, Urzaleak Elkartea, Egialai Elkartea, Elkarrekin kooperatiba txikia, Txondorra eta Literatura Solasaldiak.