«Arbolak landatzera itzulera txartelarekin iristen dira Kanadara»
Kanadara joan eta arbolak landatzen aritzen da Fraeters, hango enpresa batean. Azken urteetan hainbat euskal herritarrekin egin du bidaia, eta horren bila ari da aurtengoan ere.
Ikasturtea bukatu orduko lanean hasi behar. Non ari, hori da hartu beharreko lehen erabakia. Gorka Fraetersek (Donostia, 1997) argi du erantzuna zein den: Kanadan. Euskal Herriaren eta Kanadaren artean harat-honat bizi da, baina udako hilabeteetan Kanadara joaten da zuhaitzak landatzera. Aurten, hirugarren urtez, harekin joanen den euskaldun bila dabil.
Kanadaraino joan behar da arbolak landatzeko?
Kanadan nahiko ohikoa da lan hori. Iraupenagatik eta datagatik, ikasleentzako lana izaten da gehienetan, haien moldera egokitzen delako ondoen. Ni Washingtonen hazia naiz, eta ikasketak bukatu nituenean arbolak landatzeko enpresa horretan hasi nintzen lanean; dagoeneko uda batzuk egin ditut han. Gobernuak enpresak azpikontratatzen ditu basoak ustiatu eta eremuak birlandatu ditzaten. Gero, enpresak erabakitzen du talde bakoitza non arituko den eta bakoitzak zenbat zuhaitz landatuko dituen. Asko-askotan izaten da baso bat erre ondorengo lanak egin behar izatea. Kanadan oso ohikoak dira baso suteak, eta horrelakoetan beti joaten gara gu.
Aitzinetik deus aditu gabe, behintzat, berezia ematen du burutazioak.
Bai, bada. Jendea harritu egiten da sarri. Baina burutazio xelebre horretarako beti egoten dira pertsona xelebreak, ezta? Saiatu naizen bakoitzean beti animatu da norbait. Duela bi urte lagundu nuen lehendabizikoz euskal talde bat osatzen eta hara eramaten; bost bildu ginen. Hurrengo urtean, berriz, zazpi; ea aurten! Jende asko ari da animatzen, etengabe ari zaizkit idazten. Oraingoz, mezua Donostian eta Baztan aldean bakarrik zabaldu dut, Arizkun (Nafarroa) aldera asko joaten naiz eta. Iruditzen zait, gainera, hango jendeak ohitura handiagoa duela mendiko lanetan aritzeko.
Elkarrizketa hau ‘Berria’-tik hartu dugu CC lizentziei esker. Irakurtzen jarraitu nahi izanez gero, hona hemen osorik.