PSGren egunean zauritutako beste emakume baten kasua ikertuko dute
Amaia Zabarte ez zen izan zauritu bakarra iazko martxoaren 5eko Realaren eta PSGren arteko partidaren atariko Ertzaintzaren kargetan. Hain zuzen ere, Maria izeneko bigarren emakume batek ere salaketa aurkeztu zuen, eta hasieran artxibatu egin bazuten ere, kasua ikertzeko agindu du orain Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Istiluen hurrengo egunean, mediku agiria aurkeztuz jarri zuen salaketa emakumeak, salatuz Ertzaintzaren kargetako batean pilota edo jaurtigailu batek begian zauritu zuela, baina epaitegiak hurrengo egunean artxibatu zuen auzia. Familiak Iker Sarriegi abokatuarengana jo zuen helegitea jartzeko, eta Gipuzkoako Auzitegiak kasua ikertzeko agindu dio orain Instrukzioko Epaitegiari. Bestalde, kasua Ertzaintza ez den polizia batek ikertzeko ere eskatu zuen familiak, baina horrek ez du erantzunik jaso.