Alokairuen prezioa %2,20 igo ahal izango da gehienez
2025etik aurrera eguneratzen diren alokairuak %2,20 garestitu ahalko dira gehienez, Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gazteleraz) lehen aldiz kaleratu duen erreferentziazko indize berriaren arabera. Neurriak Etxebizitza Legea indarrean sartu ostean (2023ko maiatzaren 25a) izenpetutako kontratuei eragingo die, eta gehiegizko igoerak saihestea du helburu. Data hori baino lehen sinatutako kontratuen balizko igoera, ordea, KPIaren arabera kalkulatuko da.
Hemendik aurrera, INEri egokituko zaio alokairuak gehienez zenbat garestitu daitezkeen zehaztea, eta indizea hilero kalkulatuko du KPIren aldakuntza tasak kontuan hartuta (urteko KPIrena, azpiko inflazioarena eta bien arteko batez bestekoa aintzat hartuta). 2025eko urtarrilari dagokion indizea 2024ko azaroko datuak aintzat hartuta kalkulatu du INEk.
Beraz, etxebizitzaren jabeak igoera aplikatu nahi izanez gero, %2,20ko tasa hori izango du muga. Gainera, prezio aldaketak idatziz eta kontratuan jasotako epe eta baldintzak beteta jakinarazi beharko dizkio maizterrari.
Etxebizitza Legea onartu aurretik, alokairuen prezioaren balizko igoerak KPIren arabera kalkulatzen ziren. Ukrainako gerra zela eta inflazioa asko igotzen hasi zela ikusita, 2022ko apirilean alokairuen igoerei muga ezartzea ebatzi zuen Espainiako Gobernuak (%2ko muga jarri zuen orduan). Aldiz, 2024an, %3koa izan da muga.