Errege Magoek Plaza Berrian egingo dute lehen agurra
Etzi, urtarrilak 5, Errege Magoak Donostiara etorriko dira. Lehen agurra Plaza Berriko udaletxe zaharretik egingo dute 10:30ean. Leku hori apropos aukeratu dute, San Sebastian eguna asko maite dutelako. Hain zuzen ere, bandera igo eta jaisten den balkoitik agurtu nahi dituzte donostiarrak.
Ondoren, ibilbide txiki bat egingo dute Parte Zaharrean, Joselontxos txarangarekin. Plaza Berrian bertan Rolls Royce batera igoko dira, eta auzoan barrena ibiliko dira herritarrak agurtzen. Behin Parte Zaharretik aterata, Gros auzoa zeharkatuko dute Herrera, Larratxo eta Altza bisitatzeko. Harria parkean izango dute lehen geldiunea (11:20ak aldera). Jarraian, Intxaurrondorantz abiatuko dira (aurreikusita dago 11:50ean Sagastieder plazara iristea). Sagastieder plaza bisitatu ondoren, Martutenen (12:25ean gasolindegian) eta Loiolako Erriberan (13:05ean Maria Zambrano plazan) egingo dituzte hurrengo bi geldiuneak. Loiolako Erriberatik Amara Berri zeharkatuko dute eta Izoztegi pasealekutik Antiguara egingo dute salto (13:40an Jose Maria Sert plazan) eta, handik, udaletxera itzuliko dira.
Errege Magoek aurreikusita dute 14:30ean udaletxera iristea, haurren gutunak hartu aurretik atseden pixka bat hartzeko. Harrera 15:30ean hasiko da, eta urtero moduan, udaletxeko sarbidean dagokion ilara ezarriko dute Alderdi Ederreko terrazan. Gutuna emateko ilara 17:10ean itxiko da. Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira, heldu batek lagunduta. Udaletxeko terrazatik kanpo gelditzen diren pertsonak ezingo dira udal batzar aretora sartu, baina erregeen laguntzaileak gerturatuko dira beraien gutunak eta agurrak jasotzera.
Kabalkada
Errege Magoen kabalkada 18:00etan hasiko da Ijentea kalean, eta honako ibilbide hau beteko du: Bulebarra, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta Bulebarra.
Aurtengo desfileak bost karroza izango ditu: Jaiotzaren karroza; Meltxor erregearen karroza, zirku kutsukoa izango da; Gaspar erregearen karroza, Egiptoko zibilizazioan inspiratuta; Baltasar erregearen karroza, Afrikako animalien munduan oinarrituta, eta, azkenik, buruhandien karroza. Halaber, ohiko paje taldeak izango dira eta desfileari kolorea eta musika jarriko dioten animazio talde ezberdinak.
Aurreko urteetan bezala, Errege Magoek zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko. Era berean, kaleko desfilea ikusteko mugikortasun urriko pertsonentzako bi leku berezi aurreikusi ditu Donostia Festak-ek. Lehena Hernani kalean egongo da kokatuta, eta bigarrena, Urbieta eta Prim kaleen arteko bihurgunean.
Desfilea bukatu bezain pronto, Errege Magoek adineko pertsonen zentro hauek bisitatuko dituzte: Ballesol Easo, Matia Rezola eta Bermingham.