Sadiq Reala uztear da
Txuri-urdinek 20 milioi euro ordaindu zituzten aurrelari nigeriarrarengatik.
Mediku azterketa gainditzen badu, Umar Sadiqek Valentzian jokatuko du utzita denboraldi bukaerara arte. Realeko aurrelariak minutu gutxi jokatu ditu sasoi honetan, eta ez dirudi Imanol Alguacil entrenatzailearen gustukoa denik. Hainbat hedabidek aurreratu dute albistea, baina klub txuri-urdinak baieztatzea falta da.
Akordioaren xehetasunak ere azaleratu dituzte aipaturiko komunikabideek. Valentziak nigeriarraren fitxaren zati bat ordainduko luke —milioi bat euro baino gutxiago—, eta erosteko aukera izango luke hamar bat milioi eurogatik. Gogoratu behar da Sadiqen fitxaketa Realaren historiako garestiena dela. 20 milioi euro ordaindu zizkioten Almeriari. Gainera, kontratu luzea adostu zuten, 2027ko ekainaren 30era bitartekoa. Horiek horrela, ez dirudi txuri-urdinek galera errekuperatzeko aukera askorik izango dutenik.
Neguko merkatua ireki berritan, Realean aldaketaren bat edo beste aurreikusten da. Sadiqen agurra baieztatzen bada, bi dira erasoan galduko dituzten jokalariak. Izan ere, Jon Magunazelaia eibartarra Kordoban ariko da utzita denboraldi bukaerara bitarte.