Nondik pasatuko dira Errege Magoak gaur?
Gabonak amaitzear dira, baina Errege Magoak etxez etxe ibili arte ez dira amaituko. Hain zuzen ere, gaur gauean utziko dituzte opariak (edo ikatza) etxeetan, eta haur zein helduen urduritasuna nabaritzen da dagoeneko Donostian.
Ohiko legez, donostiarrek Meltxor, Gaspar, Baltasar eta euren laguntzaileak ikusteko aukera izango dute gaurkoan, euren opariak jaso aurretik. Iaz, Igeldoko funikularretik iritsi ziren hirira, baina, aurten, Parte Zaharreko Plaza Berrian egingo dute lehenengo agurra, udaletxe zaharretik, San Sebastian eguna asko maite dutelako. Hain zuzen ere, bandera igo eta jaisten den balkoitik agurtu nahi dituzte donostiarrak. Jarraian, Parte Zaharretik ibilbide txiki bat egingo dute eta auzotara joango dira ondoren; beheko irudian ikus dezakezue ibilbidea eta ordutegiak.
14:30ak aldera iritsiko dira udaletxera, eta 15:30ean hasiko dira haurren gutunak bertan jasotzen; gutunak emateko ilara 17:10ean itxiko dute. Ondoren, 18:00etan, kabalkada hasiko da Bulebarretik, eta, ordubete inguruz, Erdialdeko kaleetan barrena ibiliko da. Beheko irudietan ikus ditzakezue hasierako kokapena eta kabalkadaren ibilbidea.