Zetak taldearen 'Mitoaroa' Donostian ikusi ahal izango da irailean
Berriki Iruñeko Nafarroa Arena agertokian bi egunetan 30.000 lagun sartu ondoren (15.000 egun bakoitzean), Mitoaroa ikuskizun arrakastatsua Donostiara ekarriko du Zetak taldeak. Zehazki, Illunben eskainiko dute ikuskizun berezia, irailaren 6an, Euskal Herri osoko inauterietako pertsonaiak biltzeko asmoarekin. Sarrerak asteartean, urtarrilaren 7an, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Mitosarrerak.eus-en.
AAZTIYEN diskoari itxiera handia emateko eramango dute Mitoaroa Illunbera, azaldu du Zetak-en buru Pello Reparaz arbizuarrak, prentsa ohar baten bidez: “Zetak-en, orain arte, ikusi ahal izan dugu amaiera bat beste zerbaiten hasiera dela, eta Illunben gertatuko dena giltzarri moduko bat izan daitekeela uste dut”.