Txillidaren mendeurreneko erakusketa ixteko solasaldia antolatu dute
Asteazkenean (hilak 8), Eduardo Txillida artistaren jaiotzaren mendeurreneko Eulogy, Eduardo Chillida 100th Anniversary erakusketa itxiko dute, azarotik Okendo Kultur Etxean ikusgai egon ostean. Horrela erakusketari itxiera aproposa emateko, erakusketaren eta Txillidaren inguruko solasaldi bat antolatu dute Husmeek, Eduardo Chillida 100 urtek, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce fundazioak eta Donostia Kulturak.
Hain zuzen ere, Oscar Marine, Javier Mariscal, Mikel Txillida eta Alain Villastrigo adituak izango dira solasaldiko hizlariak (gaztelaniaz). Solasaldia asteazkenean bertan izango da, 18:00etan, kultur etxean eta doako sarrerarekin. Ondoren, 19:30ak aldera, Maddalen Arrecubiertak prestaturiko luntxaz disfrutatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.