Ostiralean iritsiko da zinemetara Eduardo Txillidari buruzko 'Ciento volando' filma
Iaz 100 urte bete zituen Eduardo Txillida eskultore donostiarrari buruzko dokumentala urtarrilaren 10ean estreinatuko da zinema aretoetan. Arantxa Agirrek zuzendu eta A Contracorriente films ekoiztetxeak ekoitzi zuen Ciento volando, eta iazko Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten. Ostiralean bertan, 101 urte beteko lituzke Txillidak, eta filmaren estreinaldiak bere urteurreneko ekitaldiei amaiera emango die.
Agirreren dokumental honetan, Jone Laspiur aktore donostiarra da gidaria, eta hainbat pertsona ezagunek parte hartu dute, hala nola Joaquin Montero arkitektoak, Fernando Mikelarena artistak, iaz zendu zen Koldobika Jauregi eskultoreak, Andres Nagel eta Mireia Massague Txillida Lekuko zuzendariak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, besteak beste. Guztien artean, Txillidaren ibilbidea errepasatuko dute lan honetan.
Zinemaldian, dokumental honen inguruko kritika idatzi zuen Xalba Ramirez IRUTXULOKO HITZAko kazetariak. Irakurri hemen.