San Sebastian aurreko kontzertua eskainiko du Udal Txistulari Taldeak igandean
Donostiako Udalaren Txistulari taldeak eta hiriko zein inguruko txistulariek San Sebastian aurreko kontzertu berezia eskainiko dute hilaren 12an, Antzoki Zaharrean, 12:00etan. Bertan izango dira, txistulariez gain, Haizea Muñoz eta Ekaitz Gonzalez abeslariak, Leire Retegi, Eskola dantza taldea, Kresala elkarteko haur danborrada, Donostiarrak Abesbatza edota Donostiarra Metal Boskotea. Kontzertuak, Donostia ardatz hartuta, hainbat pertsonaia eta ospakizun esanguratsu izango ditu gogoan; esaterako: Gipuzkoa lehen aldiz aipatu zeneko 1000. urteurrena, Isidro Ansorenaren heriotzaren 50. urteurrena edota Eustakio Iraola. Sarrerak urtarrilaren 9an jarriko dituzte eskuragarri Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatilatan, 11:30ean.
Urtero txistulari taldeak eskaintzen duen kontzertu berezia Gipuzkoako himnoak abiatuko du, Gipuzkoa hitzaren lehen aipamenetik 1000 urte ospatzen diren honetan; eta jarraian Mendi aldera kalejira entzungo da. Isidro Ansorenak sortutako kalejirak Donostiako Udalaren Txistulari Taldeko zuzendari izan eta taldea goi mailara eraman zuen maisuaren heriotzaren 50. urteurrena ekarriko du gogora. Taldeko zuzendari izateaz gain, konpositore, txistugile, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko eta beste hainbat elkarteetako kolaboratzaile eta, oro har, euskal kulturaren sustatzaile sutsua izan zen Ansorena. “Bere dedikazio eta lan horietako hainbat gogoan izango dira kontzertuan Amona Kontxa, Ana Mari, Maitere, Prantxiska Martina, Birigarroa eta Euskal bilera bezalako piezekin”, azaldu du taldeak.
Ansorenaz gain, Eustakio Iraola, Donostiako musika eragile askorekin lan egindakoa eta 2024an zendu zena ere izango dute gogoan. Urte luzez hiriko kultur bizitzan laguntzaile izandakoak ugaritan parte hartu zuen Txistulari Taldearen kontzertuetan, baita San Sebastian aurrekoetan ere. Berak abestu izan zituen hainbat kantu entzungo dira kontzertuan: Donosti, Zein zera zu, Juana Bixenta Olabe edo Idiarena.
San Sebastian eguna iragarriz, Kresala, Idiarena, Vals de tamborrada eta Donostiako Martxa izango dira emanaldiko azken piezak. Aurrez aurre ez ezik, Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen You Tubeko kanalean ikusteko aukera izango da zuzenean.