Sebas Velasco donostiarraren lan bat, munduko horma irudi onenen txapelketako finalista
Sebas Velasco artista donostiarraren horma irudi bat hautatu dute Street Art Cities munduko horma irudi onenaren sariaren finalerako, Artist Choice atalean. Londresko Brixton auzoko Cobett Streeteko 12 zenbakiaren fatxadan dagoen A Lasting Place da lan hautatua, 2024ko London Mural Festival jaialdiaren barruan egindakoa.
Loyle Carner britainiar musikaria da lanaren inspirazioa, zehazki, Hugo haren hirugarren diskoko abesti bat. Cobbett kaleko gazte bat irudikatzen du, bertako bizilaguna, Brixtongo tren linearen aurrean.
Street Art Cities
Horma irudi finalistak aditu talde batek aukeratzen ditu, eta horien artean daude Lars Pedersen Kopenhageko Arte Urbanoko Institutuaren burua, Amziane Abid Kale Arteko Boulogne-sur-Merreko jaialdiaren zuzendari artistikoa, Vans the Omega artista eta GazMac Yardworkseko zuzendaria, besteak beste.
Hilero, epaimahai batek 100 laneko zerrenda bat egin eta Instagramen zabaltzen ditu, bistaratze kopurua eta botoak zenbatzeko. Ondoren, “horma irudi ehiztarien” talde batek finalistak aukeratzen ditu. Orain, lanak bozkatzeko epea urtarrilaren 31n bukatuko da.