Asteburuko plana egiteko hiru gomendio
Gabonetatik sansebastianetara Donostian ezer ez dagoela dirudi batzuetan, baina ez da hala, askotariko kultur eta aisialdi ekitaldiak baitaude antolatuta hirian asteburu honetarako. Gure agendan aukeraketa zabal ba daukazue kontsultagarri, eta, jarraian, egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizuegu.
Ostiralean (hilak 10), Dabadaba aretora joatea proposatuko dizuegu, Bala eta Nize taldeak ikustera (20:30). Galiziarren eta bilbotarren eskutik, stoner eta hardcore doinuez disfrutatu ahal izango da Egiako aretoan. Ondoren, gauerdian, Oarso Groove festa antolatu dute, Irune Muguruza B2B Jota, Hodax B2B Garinbo, Pattor eta Inahr Kone B2B Galindo DJ-ekin. Kontzertuetarako zein festarako sarrerak aretoaren webgunean daude salgai.
Larunbaterako (hilak 11), zinema arlokoa da gure proposamena: Las novias del sur filma (Elena Lopez Riera, 2024) proiektatuko dute Tabakaleran 19:00etan. Lopez Rierak berak egingo du aurkezpena, baita ondorengo solasaldian parte hartu ere. Sarrerak Tabakaleraren webgunean daude salgai, 4 euroan.
Azkenik, igandean (hilak 12), sansebastianetarako berotzen joateko, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak eta hiriko zein inguruko txistulariek eskainiko duten San Sebastian egunaren aurreko kontzertu berezira joatea proposatzen dizuegu. Antzoki Zaharrean izango da, 12:00etan. Sarrerak bertako eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan daude salgai.
Bonus track: astelehenetik ostegunera, egun bakoitzeko kontzertu bat antolatu dute, arratsaldez, Musikeneren egoitzan: astelehenean, Aimez-vous Brahms? kontzertua eskainiko dute; asteartean, Aikaterini Skanavik joko du; asteazkenean, Musikeneko Perkusio Ensembleak eta, ostegunean, CSMA-ko perkusioek. Sarrera doakoa izango da egunero.