Kimika Fakultateak 50 urte bete ditu eta hainbat jarduera antolatu dituzte
Donostia Kulturarekin elkarlanean, '50 urte kimika zabaltzen' hitzaldi zikloa antolatu dute.
Mende erdiko historia ospatzeko, urtean zehar hainbat jarduera egingo ditu EHUko Kimika Fakultateak. “50 urte hauek betetzea Fakultatean lan egin eta/edo ikasi duten pertsona guztien arrakasta kolektibo handia izateaz gain, gure unibertsitate eta gizarte osoarena ere bada. Hau dela eta, 50 urte hauek gizarte osoarekin ospatu nahi ditugu, bisitak jasotzeko gure ateak irekiz, baita gure jarduera fakultateko hormetatik kanpo zabalduz”, adierazi du Kimika Fakultateko Jon Mattin Matxainek.
Programako jarduera esanguratsuena, Donostia Kulturarekin eta Materialen Fisika Zentroarekin elkarlanean antolaturiko 50 urte kimika zabaltzen hitzaldi zikloa izango da. Gaur goizean aurkeztu dituzte xehetasunak Viktoria Eugenia antzokian.
Hamar saio izango ditu zikloak, eta hilean behin egingo dira Ernest Lluch Kultur Etxean. Materialen Fisika Zentroko komunikazio arduradun den Idoia Mugika arituko da aurkezle lanetan. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Hizlarien artean profil askotariko Fakultateko kideak izango dira; hala nola, Euskadi Ikerkuntza saridunak, proiekzio handiko ikertzaile gazteak eta zientziaren zabalkuntzan adituak. Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan webgunean ere entzun ahalko dira.
Lehen hitzaldia hilaren 14an izango da, Ciencia. Belleza. Futuro izango da bere izenburua eta Pedro M. Etxenike zientzialariak eskainiko du. Gainerako saioen informazioa lotura honetan topatuko duzue.
1975etik aurrera Kimikan
Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea 1987. urtean eraiki zen, gaur egungo lekuan, baina, lehen kokapena Donostiako Altza auzoko San Juan XXIII.a Lanbide Heziketako Eskola izan zen. Urte hauetan (50 urte), unibertsitatearen laguntzari esker, Kimika Fakultatean hainbat ikertalde garatu ahal izan dira, eta horietan guztietan kimika berdearen, ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren kontzeptuak barne hartzen dira. Hala, ikertzaile finkatuekin batera –besteak beste: Claudio Palomo, José Mª Asua, Fernando Cossio, Jesus Ugalde, Juan Colmenero, Pedro Miguel Etxenike, Eugene Zhukov eta Angel Rubio–, ikertzaile gazteak daude –esate baterako: David Mecerreyes, Haritz Sardon, Ana Beloqui, Arkaitz Correa, Sara Barja eta Daniel Reta.