Metal teknikoa eta eskola magistralak
Larratxo Kultur Etxean antolatu ohi dira Donostiako metal jaialdi garrantzitsuenak. Eskaintza aberastuko duen beste bat antolatu dute estreinako aldiz apirilaren 5erako: Donostia Prog-Tech Metal Fest.
Egitarau interesgarria prestatu dute antolatzaileek, kontzertuak eta eskola magistralak uztartuta. Zuzenekoei dagokienez, hiru talde ariko dira zuzenean: Fractal Universe, Ancient Settlers eta Lampr3a. Metal progresiboa, teknikoa eta modernoa jorratzen dute hiruek.
Eskola magistralak, berriz, esanguratsuak izango dira. Hiru musikarik eskainiko dute ikastaroa, eta horien artetik aipagarriena Linus Klausenitzer baxu jotzaile alemaniarra da. Obscura taldean ibilitakoa, Alkaloid eta Obsidious bandetan ari da egun. Beste bi musikariak dira Hermán Riera (Ancient Settlers) bateria jotzailea eta Pedro J. Monge gitarrista (Vhäldemar).
Sarrerak otsailean jarriko dira salgai Donostia Kulturaren webgunean, eta eskola magistraletan izena emateko modua aurki iragarriko dute antolatzaileek.