Txillardegiren ekarpen intelektualak batu ditu Zapiainek liburu berri batean
Markos Zapiain filosofoak 'Txillardegi Hizkuntzalari' argitaratu du Elkarren, pentsalari donostiarrak hizkuntzalaritzan eta euskararen inguruan egindako ekarpenak jasoz.
Jose Luis Alvarez Enparantzak, ezizenez Txillardegi, (Donostia, 1929-2012) lan eskerga egin zuen euskararen alde bizitza osoan zehar. Politikariaren irudiak maiz gainontzeko alderdiak estali arren, bokazioz hizkuntzalaria zen Txillardegi: Teoria linguistikoak garatu eta euskarazko lehenengo eleberri eta saiakera modernoak idatzi zituen, besteak beste.
Txillardegi “ezezagun” bat aurkeztu nahi izan du Markos Zapiain filosofoak idatzi berri duen liburuaren lehenengo atalean: giza izatea zeharkatzen duen ororen izaera linguistikoaz gogoetan, dela ametsa eromena, mitoa, inkontzientea edo kode genetikoa, XX. mendeko pentsalari garrantzitsu askoren eskutik: Saussure linguista, Levi-Strauss antropologoa, Lacan psikoanalista eta abar luze bat.
Bigarren atalean, euskararen problematikaren inguruan Txillardegik egindako gogoetak batzen dira, eta euskara “salbatzeko” egin beharreko hausnarketak batzen ditu. Txillardegik hizkuntza gutxituek estatu egiturekin dituzten harremanak aztertu zituen: Quebec, Txekia, Kurdistan, Gerogia, Lituania, Finlandia, Gales, Israel, Okzitania eta beste hainbat herrialde. Hor formulatu zuen donostiarrak bere esaldi ezagunenetako bat: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”.
Aitortza
Zapiainek azaldu duenez, aitortza eta onarpen falta du oraindik Txillardegik, eta horregatik dira beharrezkoak honelako lanak. Batxilergoko bigarren mailako curriculumean Txillardegiren hizkuntzalaritzako ekarpenak txertatu direnez hasi zuen lana Zapiainek, pentsalariaren alderdi ezberdin guztiak inon batuta ez zeudelakoan.
“Iraganak ezusteko gehiago ematen ditu etorkizunak baino”, dio Zapiainek, eta liburu honetan, atzera begira jartzen bagaitu ere, “erraldoi baten sorbalden gainean” jartzeko gonbita egin du.
Hain zuzen, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimena izan dute hizpide aurkezpenean, igande honetan egingo baitiote omenaldia pentsalariari. Aitortza falta izan du Zapiainek: “Herri normal batean, liburutegi bat ez; Lehendakari izan beharko luke Txillardegik”, esan du, erdi txantxetan bada ere.