Errepideko txirrindularitza denboraldia aurrera eramateko akordioa lortu dute
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren behin-behineko batzarrak 2025eko errepideko denboraldiko egutegia onartuko duela aurreratu du El Diario Vasco egunkariak. Batzarra urtarrilaren 16an izango da, eta errepideko sasoia otsailaren 22an abiatu ahal izango da. Pistako eta ziklo kroseko denboraldiak bertan behera geratu ziren akordio faltagatik eta segurtasun arrazoiengatik.
Gabonetan egoera konpontzeko bilera egin zuten Gipuzkoako txirrindularitzaren ordezkariek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Ertzaintzak. Orduan, egoera desblokeatzeko hainbat neurri adostu zituzten: pasa den sasoiko lasterketa guztiak egin ahal izatea segurtasun berme guztiekin, eta aldundiak diru zati bat bideratzea lasterketen antolatzaileei proba bakoitza aurrera eraman ahal izateko.
Egutegia bere osotasunean hartuz gero, lasterketa bakarra da Donostian egiten dena, eta hori normaltasunez antolatu ahal izango da. Gazte mailako Gipuzkoako Klasikoa maiatzaren 4an eta 5ean izango da. Zumaian jokatuko da lehen etapa, eta bigarrena, Zumy sari gisa ezagutzen dena, Donostiako Egia auzoan.