'Hau gerra bat da' kanpaina abiatu du Wohou artistak, eraso arrazista, faxista eta homofoboen aurrean
Artista ezagunik bada Donostian, gaur egun, hori da Wohou. Edo, tira, Wohouren izarra. Ehunka dira hirian zehar dauden izartxo alaiak, eta beti lotu izan dira mezu aldarrikatzaile eta solidarioekin. Ordea, bereziki azken hilabeteotan, hirian izandako igoera erreakzionarioak izan dute eragina, eta hainbat izartxori eraso egin diote.
Azkenekoa, Egian. Duela aste gutxi “Marikoia, Stop gay” pintaketa egin zioten izarrari, urteak daraman mural baten gainean. Artistak, ez zuen erantzunik egin, eta ezezagunek pintaketa borratu eta “faxistak kanpora” leloa pintatu zuten. Aste honetan berriz egin diote eraso muralari eta “Gora faxistak” idatzi dute, baita neonaziek erabiltzen duten gurutze zeltiko bat. Egoera horrela, Wohou artistak erantzun egin du, murala berrituz eta “Hau gerra bat da” leloa pintatuz.
Grafitigileak hedabide honi azaldu dionez, ez da lehenengo aldia honelako erasoak egiten dizkiotela eta ez du ukatzen ondorioak badituztela: “Honelako erasoek batzuetan margotzeko gogoak kentzen dizkidate. Baina sareetan izugarrizko maitasuna jaso dut, eta inoiz baino indartsuago sentitzen naiz”.
Honela, orain kanpaina berria abiatu du: “Faxismoaren, homofobiaren eta arrazakeriaren kontra zuzendutako mezuen erantzuna. Esaldi hori askotan jarriko dut, eta batez ere faxismoarekin lotutako mezuen gainean”. Egiakoaz gain, lau izar berri egin dituela jakinarazi du, “ortzadar eta guzti”.
Zeren, hain zuzen, gerra egin nahi du Wohouk: “Faxistei ortzadarra ikusteak izorratzen badie, ortzadarra ikusteaz nekatuko dira!”.