Reala bere ligara itzuliko da
Ez da erraza izaten porrotak ahaztea, baina hurrengo partida irabaztea izan ohi da kontsolamendua. Bartzelonak sei gol egin zizkion Realeko neskei Zubietan, eta sufrikario bihurtu da txuri-urdinentzat kataluniarren kontra aritzea. Denboraldi ona eta erregularra egiten ari ziren, baina liderraren aurka huts egin zuten, berriz ere. Sentsazio txar hori gainditzeko aukera igandean izango dute, Valentziaren zelaian (12:00). Noski, ez da norgehiagoka erraza izango, baina bai erabakigarria sailkapeneko postuetan egonkortzeko.
Realeko mutilek, berriz, astelehenean jokatuko dute Vila-realen aurka, Anoetan (21:00). Zalaparta sortu du ordutegien aferak, kopako partida ostegunean jokatu beharko dutelako, eta egokitu zaien arerioak, Rayo Vallecanok, hiru egun gehiago izango dituelako neurketa prestatzeko —gaur dute ligako partida—. Kluba haserre agertu da, baina fokua San Sebastian bezperan Valentzian jokatu beharreko partidan jarrita. Zaleek ez dute ulertu. Agerikoa da ligako eta kopako antolatzaileek Reala kaltetu dutela, baina ez dute atzera egingo. Astelehenean irabaztea ezinbestekoa da Imanol Alguacilen taldearentzat.
Eskubaloian, Bera Berak Europako ibilbideari hasiera emango dio bihar, Gaska kiroldegian. Paris 92 taldearen aurka ariko dira, 18:00etatik aurrera. Ligako etxeko lanak beteta, erronka handiagoa izango dute donostiarrek. Europa Ligako multzoen fasea garaipen batekin hastea dute helburu.
Saskibaloian, garaipen premiarekin dabiltza Ibaeta Basket eta Gipuzkoa Basket. Emakumezkoen taldeak jokaturiko azken partidak galdu ditu ligan eta Europako Kopan. Bolada txarretik atera ezinda dabil Azu Muguruzaren taldea, sailkapeneko putzuan sartuta. Zaragoza hartuko dute Gaskan, igandean (12:00). Gizonezkoek, berriz, Burgosen pistan jokatuko dute gaur bertan, 20:45ean. Kategoriako indartsuenetako bat izanik, irabaztea sekulako balentria litzateke.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Puigcerdaren izotz pistan izango dute partida, bihar, 22:00etan. Plaza zaila izango da donostiarrentzat Portoren kontra galdutako bi partiden sentsazio txarra kentzeko.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Valentzia – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen liga, 19. jardunaldia
- Reala – Vila-real (astelehena, 21:00)
Eskubaloia
Europa Ligako multzoen fasea, 1. jardunaldia
- Bera Bera – Paris 92 (bihar, larunbata, 18:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Zaragoza (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 16. jardunaldia
- Burgos – Gipuzkoa Basket (gaur, ostirala, 20:45)
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, 7. jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 22:00)