Bandera igoeran 'Oilarren zalditeria' abestia ez jotzeko eskatu dute, jende oldea saihesteko
Donostia Festak-ek Gaztelubide eta Union Artesana elkarteei eskatu die San Sebastian eguneko bandera igoeran eta jaitsieran Oilarren zalditeria abestia ez jotzeko, jende oldea saihesteko. Udala egun horietarako segurtasun dispositiboa prestatzen ari da, eta Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin hausnartu ondoren hartu duen erabakia izan da honakoa.
Elkarteek kasu egingo diete, eta aurten, ez dute Sarriegiren pieza hori joko. Sarriegik 1870eko inauterietako konpartsa baterako konposatu zuen Oilarren zalditeria. Ondoren, pieza 1881ean argitaratu zen Sarriegiren inauterietako gainerako musikarekin batera. Groseko Kaldereroen Konpartsak berreskuratu zuen 1994an, eta San Sebastian eguneko errepertorioan sartu zuten 1998tik aurrera.
Azken urteotan, bandera igoeraren eta jaitsieraren ikusleen artean ezaguna egin da abestian zehar pausoak ematea aurrerantz eta atzerantz, eta Plaza Berria jendez gainezka egoten denez, norbait erortzeko edo zapaltzeko arriskua hiriko beste toki batzuetan baino “handiagoa” dela uste du udalak.