Estreinaldi ezin hobea
Garrantzitsua zen Europako Liga garaipen hastea, eta baita lortu ere. Bera Berak bide onetik hasi du Europako ibilbidea, multzoen faseko lehen partida irabazita. Larunbatean Paris 92 hartu zuten mendean Gaska kiroldegian (33-28), bigarren zati borobil bati esker. Arerioak estu hartu zuen Donostiako taldea, eta neurketako pasarte askotan aurretik izan ziren. Esaterako, atsedenaldira 12-13 iritsi ziren. Ordea, Bera Berak markagailua irauli zuen joko eraginkorrari eta bikainari esker.
Futbolean, Realeko neskek urrezko hiru puntu eskuratu zituzten atzo, Valentziaren zelaian (0-2). Norgehiagoka oso ona egin ez arren, gai izan ziren atea hutsean utzi eta bi gol egiteko. Aparik eta Mirarik egin zituzten partidako azken 20 minutuetan. Txuri-urdinak sailkapeneko bosgarren tokian daude, baina Athleticekin 26 puntura berdinduta. Aldiz, gaur jokatuko dute ligako partida Realeko mutilek. Vila-real hartuko dute gaur, Anoetan, 21:00etan.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek bolada txarrari bukaera eman zioten atzo Zaragozari irabazita (76-72). Ezinbestekoa zen taldearentzat konfiantza berreskuratzeko, eta azken kolpe latzak ahazteko. Donostiarrek partida ona jokatuta eskuratu zuten denboraldiko bosgarren garaipena. Bestalde, Gipuzkoa Basketek huts egin zuen Burgosen pistan (88-79).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek astindua jaso zuten Puigcerdaren izotz pistan (1-10). Ez da denboraldi erraza izaten beraientzat, eta maila ona ezin emanda dabiltza.
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa Ligako multzoen fasea, 1. jardunaldia
- Bera Bera 33 – Paris 92 (28)
Futbola
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Valentzia 0 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 16. jardunaldia
- Ibaeta Basket 76 – Zaragoza 72
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 16. jardunaldia
- Burgos 88 – Gipuzkoa Basket 79
Izotz hockeya
Gizonezkoen iberiar liga, 7. jardunaldia
- Puigcerda 1 – Txuri Urdin 10